Bakegintzaren eta giza eskubideen arloan burutzen duten bigarren bilera izan da
Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Foru Gobernuko ordezkariek bakegintzaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan garatzen dituzten politikak koordinatzeko bilera burutu berri dute. Bi erakundeek arlo horiek lantzeko burutzen duten bigarren bilera da. Lehenengoa, joan den maiatzaren 20an egin zuten Iruñean, Nafarroako Jauregian. Oraingoan, bilera Lehendakaritzaren egoitzan egin da, eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernández eta Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendari Aintzane Ezanarro izan dira. Nafarroako Gobernuaren aldetik, berriz, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusi Álvaro Baraibar, Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuaren zuzendari Fernando Rey eta Memoria Historikoaren Ataleko buru Josemi Gaston izan dira.
Biktimen inguruan garatu beharreko politikei dagokionez, memoria bezain garrantzitsua, etorkizunera begiratu behar dela eta elkarbizitzaren eraikitze-prozesuan biktimek zein nolako eginkizuna izan behar duten zehaztu behar dela azpimarratu dute. Horren haritik, arlo horretan garatzen diren politika guztien xede nagusia gizartea bateratzea izan behar dela adostu dute. Era berean, bi exekutiboek biktimen egiarako, justiziarako eta ordaina jasotzeko eskubideei erakundeetatik emandako erantzunean izandako esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzeko interes berezia erakutsi dute.
Bi ordezkaritzak bat etorri dira adieraztean gertatutakoari buruzko gogoeta kritikoa egiteko politika publikoak mantentzea bezain garrantzizkoa dela horien esanahia eta xedea eguneratu eta gaur egunera eta etorkizunera proiektatzea. Bi erakundeek memoriari buruzko elkarrizketa libre eta anitza sustatzearen aldeko apustua egiten dute, baina elkarrizketa horrek ezin izango da, inolaz ere, terrorismo edo indarkeria moduren bat edo giza eskubideak urratzea justifikatzeko, babesteko edo goraipatzeko erabili.