Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ezagutzera eman duenez, pasa den ikasturtean 31.000 pertsona inguru izan ziren ‘Prebentzioa Komunikazioaren bitartez landuz’ egitasmoan parte hartu zutenak. Programa horren xede nagusia da genero-indarkeria, drogak, Interneteko arriskuak edo eskola-jazarpena bezalako gaien inguruko prestakuntza eskaintzea eta 150 ertzain boluntarioek irakasten dute. Egitasmoa ekintza- erantzunkidetasunean oinarritzen da, eta, hainbat kolektiborekin egindako prestakuntza-topaketen bitartez, pertsona bat delitu jakin batzuen biktima edo egile bihurtzeko aukera murriztea du helburu.
Pasa den ikasturtean 595 prestakuntza-saio garatu ziren hainbat ikastetxetan eta horietan 26.675 ikaslek hartu zuten parte. Gainera, beste gizarte-kolektibo batzuei (adinekoen elkarteak, emakumeenak, kultur elkarteak, profesionalak eta abar) zuzendutako beste 81 prestakuntza-topaketetan 2.746 parte-hartzaile izan ziren. Horri guztiari gehitu behar zaizkio herritarren hainbat kolektibok hainbat ertzain-etxetara egin zituzten bisitak. Guztira, 30.949 parte-hartzaile izan dituzten 737 jarduera egin dira.
Interneteko arriskuei buruzko prestakuntza izan da, 13.737 parte-hartzailerekin, eskola-segmentuak gehien eskatu duen gaia; bullying edo eskola-jazarpena izan da hurrengoa, 5.330 parte-hartzailerekin, eta gizalegearen kontrako portaerek 2.697 lagun bildu dituzte. Drogen gaiak 2.312 adingabe bildu ditu eta genero-indarkeriari edo etxeko indarkeriari buruzko saioetan 1.744 ikaslek parte hartu dute. Programan jorratu diren beste gai batzuk hauek dira: larrialdiak eta 112 telefonoa Haur Hezkuntzan (392); prebentzioa kirol-jardueretan (330); bide-segurtasuna (93); Giza Eskubideak (30); eta gazte-talde berri antolatuak eta indarkeriazkoak (10).