Bilboko 300 ikasle inguruk XAREn parte hartuko dute

XARE ekimenaren helburu nagusiak euskarazko sorkuntza digitala eta ekosistema digital euskaldunean dauden baliabideak ezagutaraztea eta balioestea da
Xare
  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: shutterstock.com
  Hitz kopurua: 233
  Irakurketa denbora: Minutu 1

Bilboko ikastetxeetan batxilergoko lehen mailan diren 300 ikasle inguruk parte hartuko dute sorkuntza digitala eta ekosistema digital euskaldunean dauden baliabideak ezagutaraztea eta balioestea helburu duen XARE egitasmoa. Hitzordua urriaren 1ean izango da La Perrera eraikinean.

XARE egitasmoa Bilbon egiten den lehenengo aldia da. Egitasmo horri esker, ikasleak kultura digitalaren hartzaile edo kontsumitzaile izatetik haratago joateko aukera izango dute, tresna berrien sortzaile eta etorkizuneko garatzaile izateko aukera eskainiko baitzaie.

Egitasmo honen bidez, Bilboko Udalak Informazio eta Komunikazio Teknologien eremuan,  eta kultura digitalean oro har, euskararen erabilera sustatzen jarraitu nahi du adingabeen artean. Izan ere, helburu hori Bilboko 2025-2035 aldirako AROA Plan Estrategiko berrian jasotzen den helburuetako bat da. Gainera, aldi berean, udalak kultura zientifiko-teknologikoa hurbiltzen die gazteei Bilbo STEAM Estrategiarekin lerrokatutako punta-puntako tailerren bidez.

XARE topaketa La Perrera eraikineko gune ezberdinetan egingo da. Egitarauaren barruan zortzi tailer programatu dira: autoprodukzio musikala, argazkigintzako teknika berriak, robotika, bideojokoak, errealitate birtuala, aplikazio pertsonalizatuak diseinatzeko tresnak, adimen artifiziala, sareko pribatutasuna, etab.

Bertaratzen diren ikasleek, gainera, eremu digitalean lan egiten duten pertsonekin elkarrizketak egiteko aukera izango dute.

Egitaraua osatzeko, aztarna digitalari eta sare sozialen erabilera arduratsuari buruz hausnartzera bideratutako bi hitzaldi antolatu dira.

Alderdi ludikoak ere bere tartea izango du. Alde batetik, Egunean Behin jokoaren partida kolektibo bat jolasteko aukera izango dute gazteek. Bestetik, Miren Narbaizak (MICE) kontzertu labur bat emango du.