Osasunaren Mundu Erakundeak 11 eta 15 urte bitarteko gazteen osasunari buruz argitaratzen duen ’Health Behaviour in School-aged Children’ txostenaren arabera
Hamabost urteko nesken % 43k bere burua lodi ikusten du. Baina datu horrek ez du errealitatearekin bat egiten; izan ere, adin horretako nesken % 20k bakarrik betetzen ditu gehiegizko pisu edo obesitateari dagozkion ezaugarriak. Adin bereko mutilen kasuan, berriz, bere burua lodi ikusten dutenen eta loditasun ezaugarriak betetzen dituztenen ehunekoak berdintsuak dira, % 22 inguru, hain zuzen ere.
Datu horiek lau urtean behin Osasunaren Mundu Erakundeak mendebaldeko ikasleen artean egiten duen “Health Behaviour in School-aged Children“ azterlanean aurki daitezkeen ondorioetako bat dira. Aipatu ikerketak 42 herrialde desberdinetako datuak jasotzen ditu, Espainia barne. Estatuaren kasuan, 11 eta 18 urteko 30 000 ikasle baino gehiagoren informazioa bildu da.
Obesitateari dagokionez, Espainia ez da oso postu onean kokatzen. Loditasun-tasa batez bestekoaren gainetik aurkitzen da (arinki bada ere) eta 11 urteko haurren artean tasa altuena duen zazpigarren herrialdea da. 13 eta 15 urte bitartekoen sailkapenean, berriz, hamaikagarren azaltzen da Espainia.
OMEk burutzen duen ikerketa horrek gazteen osasunari buruzko hainbat datu aztertzen ditu. Adibidez, jarduera fisikoari dagokionez, Espainiako gazteak nahiko ondo sailkatuta azaltzen dira (hamar lehenengoen artean). Hala ere, gazteek behar baino kirol gutxiago egiten dute, bereziki, neskek. Ikerketaren arabera, 15 urteko nesken % 12k egunero ordubete baino gehiagoko jarduera fisikoa egiten du. Mutilen kasuan, kopurua % 28 ingurukoa da.
Azterlanak jasotzen duenez, gero eta handiagoa da nerabeek beren irudi edo gorputzarekiko duten kezka, bereziki, nesken artean. Horrela, 13 urteko nesken % 15ak dietan dagoela aitortzen du eta 15 urtekoen artean kopuru hori % 23raino igotzen da. Adituen ustez, seguruenik, kopuru horiek altuagoak izango dira.
Ikerketak haur eta nerabeek beren familiekin eta lagunekin duten harremana ere aztertzen du. Kasu horretan ere estatuko gazteek nahikoa puntuazio ona lortzen dute. Adibidez, 11 urteko gazteen % 85 inguruk egunean, gutxienez, jatordu bat egiten du bere gurasoekin. Zenbat eta nagusiago, hala ere, ehuneko hori baxuagoa da eta, horrela, 15 urteko gazteen artean % 63raino jaisten da.
Adituen ustetan, jatorduak familian egitea oso garrantzitsua da gazteen garapenerako. Printzipioz, familian egiten diren jatorduak egokiagoak izaten dira alderdi nutrizional batetik ikusita eta, gainera, adin horietan azal daitezkeen egoera edo jarrera arriskutsuak ekiditeko ere baliagarri izan daitezke: adibidez, tabako edo alkoholaren kontsumoa ekiditeko.
Azterlanak nerabetasunean ohikoa izaten den komunikazio-arazoa ere jasotzen da. Horrela, hamabost urteko gazteen % 20 inguruk amarekin dituen kezken inguruan hitz egitea zaila egiten zaiola adierazten du eta aitaren kasuan, gainera, are zailago. Hala ere, inkestatutako gazte eta nerabeen % 80k bere burua zoriontsutzat jotzen du.
Generoen arteko aldeak
Ikerketa horrek argi azaltzen du ezin dela nerabetasun eredu bakar baten inguruan hitz egin. Gazteek oso modu desberdinean bizi dute beren bizitzaren etapa garrantzitsu hori. Hala ere, oro har, badira errepikatzen diren zenbait pauta. Adibidez, neska eta mutilen arteko aldeak nahikoa nabarmenak dira zenbait arlotan. Adibidez, neskek elikadura osasuntsuagoa izaten dute eta bere irudiari garrantzi handiagoa ematen diote. Mutilek, aldiz, kirol gehiago egiten dute baina alkohol eta tabako kontsumo-tasa handiagoa dute.
Azkenik, azterlan horren arabera, gizarte maila baxuetako gazteek, bai neskek zein mutilek, osasun arazo handiagoak adierazi ohi dituzte.