Espainiako Hezkuntza Ministerioak DBH eta Batxilergoko tituluak eskuratzeko proiektua aldatu du eta, besteak beste, hizkuntza koofizialak gaztelaniaren maila berean izango dira
Azken urteetan hezkuntza-esparrua baldintzatu duen LOMCE legea, pixkanaka, bertan behera geratzen ari da. Pasa den urtearen amaieran Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara eta Batxilergora sartzeko errebalidak bertan behera geratu ziren. Aurten Lehen Hezkuntzako 6. mailan eta DBHko 4. mailan egingo diren probak bakarrik ikasleen maila ezagutzeko balioko dute eta, beraz, ez dute ikasleen notetan eraginik izango.
Wert izenarekin ezagutzen den legearen inguruan jazotako guztia zentzugabekeria hutsa izan da. Azken erabakiak eztabaida handia sortu du eta hezkuntzaren esparruan lortu nahi den hitzarmen orokorraren inguruan den eztabaidarekin bat egin du. Hainbat hezkuntza eragilek kritikatu dutenez, Gobernuak aurreikuspen-gabezia izugarria azaldu du hain eragin handia duten horrelako erabakiak ikasturtearen hirugarren hiruhilekoan hartzeagatik. Ikasturte honetan hezkuntza-legean egiten den hirugarren aldaketa da eta ondorioak ikasturte honetan bertan ikusi ahal izango dira.
Izan ere, bi ikasgai gainditu gabe ere, DBHko ikasleek titulua eskuratu ahalko dute eta, beraz, Batxilergora pasatzeko aukera izango dute, betiere ikasgai horiek aldi berean Gaztelania eta Literatura eta Matematikak ez badira. Hori da estatuko Gobernuak prestatu duen Errege-dekretuaren zirriborroan jasotzen dena. Horrela, duela lau urte bikaintasuna hezkuntza-sistema osoaren ardatz bazen ere, orain, DBHko titulua lortu ahal izango da bi ikasgai gainditu gabe eta baita batez besteko nota bostetik beherakoa bada ere. Erabaki horrek eztabaida handia sortu du eta Estatuko Gobernuak erabaki berezia hartu behar izan du eman daitezkeen gaizki-ulertuak ekiditeko. Horrela, batez besteko nota bostetik beherakoa den kasuetan DBHko egiaztagiriek, notarekin batera, Gaindituta hitza ere azaldu beharko dute. Erabaki hori Estatuko Eskola Kontseiluaren eskaeraren ondorioz hartu da. Orain arte, eta indarrean den 2006ko LOEren (Ley Orgánica de Educación) arabera ezinbestekoa zen ikasgai guztiak gaindituta izatea DBHko titulua lortzeko.
DBH amaitzean ikasleek ez dute zazpi ikasgaietako azterketa edo errebalida egin behar, lau ikasgaietakoa baizik. Proba hori diagnostikoa izango da eta ez du ikasleen egiaztagirian eraginik izango. Autonomia Erkidego bakoitzak bere azterketa diseinatzeko eskuduntza izango du.
Gainera, aipatu zirriborroak aurreratzen duenez, Hizkuntza koofizialak gaztelaniaren maila berean egongo dira.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bere osotasunean Estatuan burutu ez duten ikasleen kasuan, hots, ikasturteren batean atzerrian egin duten ikasleen kasuan, azken kalifikaziorako bakarrik Estatuan lortutako notak hartuko dira aintzat.
Zenbait adituen ustetan, Gobernuak hartu duen erabaki horren xede nagusia eskola-porrotaren inguruan diren datuak hobetzea litzateke. DBHko titulua lortzeko betekizunak erraztuz arazo gehien dituzten ikasleek ikasten jarraituko dutela espero da.
Errege-dekretuak oraindik Estatu Kontseiluaren eta Estatuko Eskola-Kontseiluaren onespena lortu behar du, baina, ustekaberik ez bada behintzat, ministro-kontseiluak uda aurretik onartuko du.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren kasuan titulua lortzeko betebeharrak erraztu diren bitartean, Batxilergoaren kasuan Lomcek zehazten dituen betekizun berberak mantendu dira.
Bestalde, Espainiako Hezkuntza Ministerioak ezagutzera eman dituen datuen arabera, Euskadi emaitza akademikoen sailkapenaren lehen postuetan jarraitzen du. Horrela, DBH amaitu eta titulua lortzen duten ikasleen tasa gordina % 77,6koa da. Euskadi bigarren postuan kokatzen da eta aurretik, bakarrik, Asturias aurkitzen da. Batxilergoaren kasuan, emaitzak are hobeak dira: Euskadi sailkapenaren lehen postuan azaltzen da. Euskadiko batxilergoko ikasleak dira % 69arekin tasa gordin altuena dutenak, Estatuko batez bestekoa baino 14 puntu altuagoa.