Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Adikzioen eta Droga Mendekotasunen Gaineko Arreta Integralari buruzko Legea eta Adin Txikikoak eta Alkohola Programa aurkeztu ditu Espainiako Kongresuan
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publiko eta Adikzioen zuzendari Miren Dorronsoro Madrilgo Diputatuen Kongresuan izan da Euskal Autonomia Erkidegoan adin gutxikoen adikzioen eta droga mendekotasunen gaineko arreta integralaren inguruan indarrean den legea eta alkoholaren inguruko programa azaltzen. Kongresu-Senatuko Batzorde Mistoak gonbidapena luzatu zion Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari Euskadin hartutako neurriak azaltzeko. Izan ere, Estatuko Osasun Ministerioak arazo horren inguruan lege bat prestatu nahi du eta, horretarako, lehenik eta behin, lege horren oinarri izango den ponentzia garatu nahi du. Testu horrek “Menores sin alcohol” izenburua du eta Estatuan ematen diren jardunbide egokiak biltzeko asmoa du.
Euskadik esperientzia zabala du adikzioei eta droga-mendekotasunei heltzeko orduan, eta erreferente bat da egun bere Legeagatik, duela urtebete onartua, pertsona guztien defentsan aurrerapauso bat izan baita, bereziki adin txikikoen eta pertsona babesgabeenei laguntzeko.
Dorronsorok bere agerraldian azaldu duenez, Euskadiko Adikzioen eta Droga Mendekotasunen Legean aurreikusitako xedapenak osagarriak dira “Adin Txikikoak eta Alkohola” programako neurriekin. Programa horren helburu nagusiak dira adin txikikoen alkohol-kontsumoa eragozteko horrelako jokabideak baimentzen duen gizarteko giroa amaitzea. Legeak, hala ere, ikuspegi zabalagoa du eta, funtsean, bere helburu nagusiena pertsonek duten osasun- eskubidea babestea eta bizi-jokaera osasungarriak sustatzea da.
Euskadiko Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legea biztanleria osoa babesten duen legea da eta legezko zein legez kontrako substantziak ez ezik, jokabideko adikzioak ere hartzen ditu kontuan.
Kongresuan egindako agerraldian Dorronsorok Euskadin garatutako programak benetako osasun publikoko arazo bati heltzen diola azpimarratu du. Programa garatzeko ebidentzia zientifikoan eta gure gizartean bizi den errealitate zehatza hartu dira kontuan eta hainbat ikuspegitatik heldu zaio arazoari erantzun integrala eta eraginkorra eman ahal izateko. Horrela, programak hainbat esparrutan garatu beharreko neurriak hartzen ditu bere gain: komunitatea, hezkuntza, menpekotasunak, osasun-arreta, araudiak edota sentsibilizazioa eta dibulgazioa.
Miren Dorronsorok nabarmendu duenez, Adikzioen Legeak zein Adin Txikikoak eta Alkohola programak, bi aipatzearren, norbanakoen askatasunaren begirunetik abiatuta, gizarte osasungarri bat bilatzen dute, horrek zalantzarik gabe Euskadiko herritarren bizi kalitatearen eta ongizatearen hobekuntza orokorra ekarriko baitu, eta hori da, laburbilduz, Euskadiko Erakunde Publikoek hartutako konpromisoa.