Estatu mailan tasarik baxuena izaten jarraitzen du
Espainiako Hezkuntza Ministerioak ezagutzera eman dituen datuen arabera, Euskadi da, beste behin, eskola-uzte tasarik baxuena duen autonomia erkidegoa. Gainera, aurreko urteetako datuekin alderatuta, tasa hori gero eta txikiagoa dela azpimarratu behar da. Horrela, 2017ko lehen hiruhilekoaren amaieran Euskal Autonomia Erkidegoan den eskola-uzte goiztiarraren tasa % 7,3koa den bitartean, Espainiako batez bestekoa % 18,5ekoa izan da. Euskadiren kasuan, azpimarratzekoa da azken hiru urteetan eskola-uzte goiztiarraren tasa 2,3 puntutan jaitsi izana. Hezkuntza Ministerioak azken hiru urteetako bilakaeraren berri eman du eta, Euskadin, 2014. urtean eskola-uzte goiztiarraren tasa % 9,4koa zen. Orduan ere, Euskadi zen tasarik baxuena zuen erkidegoa. 2016. urtean, berriz, tasa hori % 7,9koa zen eta, beraz, urtebete bakar batean 0,6 puntutan murriztu da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak oso positibotzat jo ditu datu horiek. Estatuko batez bestekotik oso urruti egoteaz gain, Europan den batez bestekoaren (% 10,7) azpitik ere kokatzen da. Azken hori Eurostatek emandako datua da. Europa mailan Espainia da daturik kaxkarrena duen herrialdea (bakarrik Maltak du eskola-uzte goiztiarraren tasa handiagoa).
Euskadi da, beraz, % 7,3rekin, tasarik baxuena duen lurraldea eta atzetik, Kantabria (% 8,6) eta Madril (% 13,4) kokatzen dira. Sailkapenaren beste aldean eta oso datu kaxkarrekin Balear Uharteak (% 27) eta Murtzia (% 26,5) aurkitzen dira. Ministerioaren datuen arabera eskola-uzte goiztiarraren tasa nabarmen handiagoa da mutilen artean (% 22,1) nesken artean (% 14,8) baino.