Trebakuntza-sistema egoera berrira moldatzeko premia azpimarratu dute Jaurlaritzak eta enpresek
Iñigo Urkullu lehendakaria Euskal Autonomia Erkidegoan diren zenbait enpresa nagusienetako ordezkariekin eta Confebaskeko ordezkariekin elkartu da langileen trebakuntzari eta aurki lan-merkatuan sartuko diren Lanbide Heziketako ikasleen prestakuntzari dagokion egungo egoera aztertzeko. Bileran izan diren enpresak Lanbide Heziketaren aldeko lan handia egiten duten enpresak dira: Mondragon, Danobatgroup, Petronor, Uvesco, Tubacex eta ITP, hain zuzen ere.
Egoeraren analisia egin ostean Eusko Jaurlaritzak eta aipatu enpresek elkarlanerako lankidetza-akordioa sinatu dute. Hitzarmen horrek, bereziki, Lanbide Heziketa dualari emango dio lehentasuna, batez ere, etorkizuneko profesionalak teknologia aurreratuko inguruneetan eta ingurune konplexuetan profesionalki garatzeko trebakuntzari begira. Hitzarmen horretan, gainera, enpresa osatzen duten pertsonak eguneratzeko eta trebatzeko bidea errazteko eta malgutzeko premia edo lan-esperientzia aitortzeko aukera emango duten bestelako berariazko trebakuntza-ibilbideak bezalako puntuak ere jorratu dira.
Jaurlaritzatik zein enpresetatik azpimarratu den moduan, ezinbestekoa da jada ematen ari diren aldaketen abiadurara moldatzeko gaitasuna izatea. Horretarako, funtsezkoa da trebakuntza-sistema ere egoera berrira moldatzea, modu horretan bakarrik lor baitaiteke enplegagarritasun-premia berrietara molda daitezkeen pertsonak trebatzea.