Egin den III. Planaren ebaluazioaren arabera bertan finkatutako helburuen % 75 baino gehiago betetzea lortu da. 2017-2020 aldirako IV. Gazte Plana prestatzeko prozesua abian jarri da. Hezkuntza eta osasuna arriskuan jar dezaketen jokabideak ere kontuan hartu dira diagnostikoa egiteko orduan
Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Gazteria Zuzendaritzak amaitutzat eman du 2014-2016 aldirako III. Gazte Plana. Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordeak egin duen balorazioaren arabera, aipatu planaren barruan ezarritako helburuen % 75 baino gehiago bete da. Behin III. Plana amaituta Gazteria Zuzendaritzak 2017-2020 aldirako IV. Gazte Plana prestatzeko prozesuari ekin dio. Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordearen buru Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal izan da eta bere esanetan: “Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den IV. Gazte Planak lehentasuna eman behar die gazteen enpleguari eta emantzipatzeko aukerei”.
Etorkizunari begira egin den analisiaren barruan faktore demografikoak garrantzi handia izan du. Izan ere, gero eta gazte gutxiago daude eta kopuruan eman den beherakada horrek eragin zuzena du gazteek biztanleria osoan duten pisu erlatiboan.
Hezkuntzari dagokionez, euskal gazteen prestakuntza-maila handitu egin da eta gazteek hezkuntza-sistemaren balorazio positiboa egiten dute.
Hala ere, prestatuko den planaren barruan enplegua izango da zutaberik nagusiena. Azken hilabeteetan enpleguaren inguruko hainbat adierazlek joera positiboa azaldu duten arren, enpleguaren behin-behinekotasunak gazteen erdia baino gehiago hartzen ditu eraginpean. Lanaldi partzialeko enplegua (nahi gabekoa gehienetan) hirukoiztu egin da eta batez besteko soldata hileko 1.000 €-koa da gutxi gorabehera. Behin-behinekotasuna handiagoa da emakume gazteen artean. Euskal gazteen erdia baino gehiago familiaren mende daude ekonomikoki, eta lanak ere ez du bermatzen independentzia ekonomikoa. Gizonen eta emakumeen arteko desparekotasunek bere horretan jarraitzen dute. Beste alderdi batek nabarmentzen du gora egin dutela ingurumenarekiko portaera arduratsuek kontsumoari zein mugikortasunari dagokionez.
Lan-merkatuan gazteek dituzten arazo horiek guztiak eragin negatiboa dute euren emantzipazio-gaitasunean. Gaur egun, gazteak, batez beste, 30 urterekin emantzipatzen dira. Pausu hori ematen dutenen artean alokairuaren aukerak gora egin du. Oraindik familiarekin bizi diren gazteen artean ere alokairua da aukera nagusiena.
Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordean aztertu den diagnostikoaren arabera gutxitu egin dira gazteen osasuna arriskuan jartzen duten jokabideak, hala nola alkohol-, tabako- eta cannabis-kontsumoa eta sexu-harreman arriskutsuak. Horietan guztietan gizonezkoek ehuneko handiagoa dute. Ariketa fisikoak eta kirolak gora egin arren, obesitate-tasa gero eta handiagoa da. Ariketa fisikoa eta kirola hedatuago daude gizonen artean.