Lanbideren Future Lan tresnak 2030. urtera arte enplegu eskaera nolakoa izango den ezagutzen lagunduko du

Future Lan Euskadiko Enplegu-prospektiba eta lan-joeren behatokia da

Derrigorrezko ikasketak amaitu ostean zein trebakuntza-ibilbide jarraitu nahi den erabaki behar dute gazte gehienek. Erabaki hori hartzeko asko dira kontuan hartu beharreko alderdiak eta horietatik, gazte askok (eta baita euren gurasoek ere) ikasketa horiekin etorkizunean lan-merkatuan barneratzeko zein aukera izango diren jakiteari ematen diote garrantzia.

Horren inguruan informazio gehiago izateko Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak Future Lan izeneko tresna garatu du. Future Lan Euskadiko Enplegu-prospektiba eta lan-joeren behatokia da eta, besteak beste, 2030. urtera arte Euskadiko ekonomia eta okupazio-sektoreen enpleguaren proiekzioak ezagutzeko aukera emango du. Informazio hori guztia Lanbideren web orrialdean eskuratzeko aukera izango da. Bertan, erabiltzaileek bi informazio mota aurkituko dute. Alde batetik, enpresetako enplegu-eskariaren proiekzioak biltzen dituen informazio kuantitatiboa izango da, sektore ekonomikoetan eta talde okupazionaletan sailkatuta. Beste aldetik, okupazio-joerei eta gaitasun-aldaketei buruzko informazio kualitatiboa ere eskainiko da.

Lanbideko arduradunen iritziz, Future Lan funtsezko baliabidea da enpresen langile-eskaerari eta etorkizuneko langile kualifikatuei lotuta gerta daitezkeen bat ez etortzeei dagokienez, EAEko lan-merkatuan informazio goiztiarra lortzeko, okupazioen eta ekonomia-sektoreen ikuspuntutik.

Enplegu-proiekzioei dagokienez, informazioak bi denboraldi hartzen ditu: lehendabizikoa 2005. urtetik 2015.urtera arte izan den eboluzioari buruz, Lan Merkatuaren Erroldako datuekin; eta, bigarrena, 2016. urtetik 2030. urtera arte, sektore eta okupazio horietan aurreikusten den eboluzioari buruzko datuekin. Lanbidek Erasmus+ programan izan duen parte-hartzearekin Simovet, Smart Information Models To Adequately Adapt Vocational Training To The Labour Market Needs proiektuaren esparruan, Lanbideko prospekzio-taldeak beste esperientzia batzuen berri izatea lortu du, eta lan-merkatuko prospektiba-sistemei eta -tresnei buruz beste eskualde batzuekin ezagutza trukatu ahal izan du.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE