Sei puntutan hazi da independentziaren alde azaltzen diren gazteen kopurua. Nahiaren eta hori lortuko denaren ustearen artean alde nabaria dago.
Euskal gazteria nagusiki independentista da. Halaxe adierazten du Gazteen Euskal Behatokiak bi inkestatan oinarrituta ezagutzera eman dituen datuak. Horrela, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 65, 2 independentziaren alde azaltzen da (% 39,1ak asko gustatuko litzaiokeela dio eta % 26,1ak nahiko gustatuko litzaiokeela dio). Esan bezala, datu hori bi ikerketatan oinarritzen da. Lehena 2015ko azaroan egina eta, bigarrena, 2016ko azaroan. Bi ikerketa horietako datuak alderatuta, independentziaren alde dauden gazteen kopurua % 59,5etik % 65,2ra pasatu dela azpimarratu behar da. Gazte gehienak independentziaren alde egon arren, etorkizunean Euskadi independiente izango dela uste dutenak bakarrik % 33,9 dira. 2015. urtean antzeko kopurua jaso zen (% 33,4). Independentzia nahi eta hori lortuko denaren ustearen artean, beraz, alde nabaria dago.