PISA txostenak talde-lanari buruz egindako azterketaren arabera
Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGA) burutzen duen PISA txostenaren arabera, neskek emaitza hobeak lortzen dituzte taldeka egiten diren gatazka-ebazpenetan. Azken PISA txostenean, lehen aldiz, taldeka egindako lana aztertu da esklusiboki eta, beste behin, Asiako herrialdeak nagusi azaldu dira. Azterketa 2015. urtean burutu zen ELGAko 32 herrialdetan eta beste 19 herrialde kidetan.
Aipatu txostenaren arabera, batez beste, neskek mutilek baino 29 puntu gehiago lortzen dituzte, baina, zenbait kasutan (Australia, Finlandia edo Suedia) 40 puntuko aldera ere iristen da. Estatuaren kasuan, aldea 23 puntukoa da nesken alde, 508 puntu eta 485 puntu, hurrenez hurren.
Gure artean, Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleak taldeka arazoak konpontzeko orduan emaitza txarrenetakoak lortu dituzte, 484 puntu, hain zuzen ere. Estatu mailan, bakarrik Andaluzia (483) eta Extremadurako (474) ikasleek lortu dituzte Euskadikoek baino emaitza kaxkarragoak. Nafarroako Foru Erkidegokoak, aldiz, 505 punturekin, onenen artean aurkituko lirateke. Estuto emaitzarik onenak Madrilen (519 puntu) eta Gaztela eta Leonen (517) lortu dituzte.
Datu horiek ohiko PISA txostenean aztertzen diren berariazko ezagutzetan lortutako emaitzekin topo egiten dute. Izan ere, kasu horretan mutilek emaitza hobeak lortzen baitituzte zientzietan eta matematiketan.
Txostenaren arabera, neskek interes handiagoa azaltzen dute beste ikaskideen iritziekiko eta mutilek, berriz, hobeto ikusten dute taldean egindako lanaren onura indibidualak. Horrela, mutilek ataza bat amaitzeko denbora gutxiago behar duten bitartean, neskek lankidetzarako jarrera hobea azaltzen dute.
Esan bezala, emaitza onenak Asiako herrialdeetan lortu dira (Singapur, Japonia, Hong Kong eta Hego Korea) eta kaxkarrenak, berriz, Tunisian, Brasilen, Montenegron eta Perún.