Bakearen ekonomiari, giza eskubideei eta nazioartekotzeak euskal enpresetan duen eraginari buruzko foroa egin zen urte hasieran Bilbon
Gernika Gogoratuzek, ehuGunek, REAS Euskadik eta Mugarik Gabeko Ekonomilariak Bakearen ekonomiaren kontzeptuan sakondu nahi izan dute eta, horretarako, hiru urtez luzatu den (2016-2018) ikerketa-proiektu bat garatu da.
Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren laguntza izan duen ekimen horren lehen fasean bi laborategi antolatu ziren urte honen hasieran. Lehenengoan “Bakearen ekonomia” jorratu zen eta, bigarrenean, berriz, “Euskal enpresa eta Giza Eskubideak”.
Hausnarketarako eta elkarrizketarako gune bezala planteatu ziren laborategi horien xedea bikoitza izan zen: alde batetik, Bakearen Ekonomia kontzeptuaren inguruan diseinu bat osatzeko ikuspegi desberdinak jasotzea eta, bestetik, gai horren inguruan diren eragileen zeregina hobetzeko proposamenak egitea.
Lehenengo saioan ekonomia gure egunerokotasunean modu zuzenean eragiten duen ekoizpen sozial eta kulturaleko eredu bat dela azpimarratu zen. Horrela, ekonomiak gure harremanetan, denbora banatzen dugun moduan edota mundua ikusten dugun moduan eragiten du. Zentzu horretan, agerian utzi zen egun indarrean den eredu ekonomikoak sustatzen dituen balioak Bakearen Kulturak sustatzen dituen baloreetatik oso urrun daudela.
Saio berean agerian geratu ziren eragile desberdinen artean diren iritzi kontrajarriak. Horrela, sektore kontserbadoreek sistemaren funtzionamenduan aldaketak egitearen alde azaltzen diren bitartean, sektore kritikoek sistema beraren oinarriak aldatzearen alde azaltzen dira. Azken horien ustez, bakearen ekonomia bat (zuzena eta bidezkoa) lortu ahal izateko ez da nahikoa politika batzuen aldaketa, eta helburuak lirateke aldatu beharrekoak.
Bigarren saioan, Giza Eskubideak enpresa diskurtsotik urrun izan direla azaldu zen. Enpresetatik garatzen diren zenbait politikek eragin negatiboa izan dezakete euren interes taldeetan eta, zuzenean ez bada, zeharka ere giza eskubideetan inpaktu negatiboa izan dezakete. Ildo horretan, zenbait enpresen eta Giza Eskubideak errespetatzen ez dituzten gobernuen arteko harremanetan sakondu zen.
Azken puntu horren inguruan, azken urteetan eta nazioarte mailan hainbat politika garatu diren arren, horiek eraginkorrak ez direla izan kritikatu da.