Guztira 15 gradu eta 7 master izango dira. Unibasquen ardura izango da aipamen duala duten titulazioen diseinua eta ebaluazioa egitea
Unibertsitate-titulazio dualek gero eta garrantzia handiagoa izango dute etorkizunean euskal unibertsitate-sisteman. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Unibasq – Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziako zuzendari Eva Ferreirak prentsaurrekoan aurkeztutakoaren arabera, 2018-19 ikasturtetik aurrera, 22 izango dira izaera hori izango duten Gradu zein Masterrak. Estreinakoz definitu ahal izan dira unibertsitate-ikasketa Dualen ezaugarriak Euskadin eta hori, hein handi batean, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri duen Unibertsitatea-Enpresa Estrategiari (UEE) esker izan da. Estrategia horrek, nagusiki, bi helburu ditu: ezagutza sortzea eta transferitzea eta gaitasun handiak eta enpresa-eremuaren beharrei aplikatutako eta egokitutako osagaia dituen giza kapitala sortzea.
Estatuan hau da Dual aitortza ematen duen lehen deialdia, eta Europan unibertsitate arloan garatzen ari diren politika nagusiekin bat dator.
Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatea ebaluatzea, akreditatzea eta ziurtatzea Unibasq agentziaren ardura denez, agentzia hori izango da titulazio dual horien diseinua eta ebaluazioa egingo duena. Diseinua unibertsitateekin batera egingo da. Izan ere, UEE abian jarri bezain pronto Unibasq EAEn aritzen diren unibertsitateekin harremanetan jarri zen egoki zeritzen titulazioentzako akreditazio duala eska zezaten. Eskaerak aztertu ostean, guztira, 22 izango dira izaera edo aipamen duala izango duten ikasketak. Horietatik, 15 graduak izango dira eta beste zazpiak, aldiz, masterrak. Aurreikuspenen arabera, 370 ikasle inguru izango dira aipamen hori duten ikasketak burutzen.
Unibertsitate-ikasketa Dualen lehen deialdia bultzatzeaz gain, Hezkuntza Sailak eremu akademikoaren eta enpresa-munduaren arteko harreman estuagoa sustatzen jarraitu nahi du.
Unibertsitatea-Enpresa euskal Estrategia bultzatzeko ekintzen artean, nabarmentzekoak dira ondorengoak:
• Euskadiko Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiako unibertsitate-heziketarako Klusterra eratzea, 2017ko uztailean, Fakultate nahiz Eskolen eta enpresen arteko elkarlana bultzatzeko helburuz, eta horrela Espezializazio Adimentsurako Euskal Estrategiaren helburuei erantzuna emateko.
• Enpresa-Unibertsitatea ikasgelen lehen Programa martxan jartzea, RIS3 estrategiarekin bat etorriz; programa hori Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetan dauden ikasleei zuzentzen zaie.
• Doktorego Industrialaren Programaren aipamena; i-dual graduko eta graduondoko titulua; graduko tituluetarako Unibertsitatea-Lanbide Heziketa eredu integrala.
• Europan enpresetan prestakuntza jasotzeko eta ikasteko programa abian jartzea.
Aitortza duala lortzeko baldintzak
Gradu edo Master titulu batek aitortza duala izateko, besteak beste, honako baldintzak bete behar ditu:
• Prestakuntza praktikoan gutxieneko kreditu kopurua, kanpoko enpresa edo entitatearekin elkarlanean (Graduetan kredituen %25-50; kredituen %40 Masterretan)
• Elkarlan horrek gradu edo master amaierako lana ere bere baitan hartu behar du
• Bitariko batzorde akademikoaren bidez jarraipena egin beharra, tituluaren helburu eta konpetentziekiko koherentzia bermatzeko
• Enpresaren konpromisoa, ikasleen formazioa finantzatzeko konpromisoa, bai enpresan tutoreentzako formazioa bermatzeko konpromisoa ere.