Eskola bat hutsik

Save the Childrenek salatu du Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Sevillan eta Bilbon egindako ekitaldietan gerraren ondorioz Siriako eskolen erdia suntsituta daudela

Hutsik dagoen eskola batek esanahi bakarra du: haurrak ez daude ikasten. Siriako bi milioi eta erdi haur eta nerabe jada zazpi urtez luzatu den gatazkaren ondorioak pairatzen ari dira. Beraiek ezin izango dute amesten dutena izan. Ez dira pilotuak, sukaldariak, medikuak, ingeniariak, irakasleak edo margolariak izango. Hezkuntzarik gabe, siriar haurrek ezin izango dute etorkizunik izan.

Horregatik, Save the Childrenek salatu du Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Sevillan eta Bilbon burututako ekitaldietan gerraren ondorioz Siriako eskolen erdia suntsituta daudela.

Eskolarik gabeko herrialde bat
Pasa den urtearen erdialdetik, Sirian den biolentzia maila, jaitsi beharrean, modu asaldagarrian hazi da, bereziki, ‘distentsio-eremuak’ izenarekin ezagutzen diren tokietan, printzipioz, zibilentzat seguruak izan beharko luketenak. Ospitaleek eta eskolek bonbardaketen helburu izaten jarraitzen dute. Guta bezalako eremuetan, 60 eskola baino gehiago suntsituak izan dira urte honen lehenengo bi hilabeteetan eta, ondorioz, 57.000 ikasle baino gehiagok ikasteko aukerarik gabe geratu dira. Lanean jarraitzen duten eskolek ez dute ez elektrizitaterik, ez gasik eta sotoetara jo behar izan dute. Egunean ordu pare bat besterik ez dute zabaltzen.

”Ez dut uste nire seme-alabak seguru daudenik eskolan. Eskualdeko eskolak suntsiturik daude eta nire seme-alabek hiru urte eman dituzte aldizka eskolara joan gabe. Belaunaldi oso bat galtzen ari gara; idazten eta irakurtzen ez dakitenak. Ez ditut haurrak eskolara bidali nahi, nahiz eta zabalik egon. Zabalik dagoen egun bakoitzeko beste hamar itxita dago bonbardaketen ondorioz” azaltzen du Qamarek, Idliben bizi den egokitu gabeko ama.

Save the Childrenek inkesta bat burutu du Siriako ipar-ekialdean bizi diren bost eta hamaika urte bitarteko 2.000 haurrekin. Emaitzek azaltzen dutenez, zazpi urtez luzatu den gatazkak haurren hezkuntzan ondorio konponezinak utzi ditu. Bederatzi eta hamaika urte bitarteko ikasleen heren batek baino gehiagok ezin du askatu bost urteko haur batek aska dezakeen ariketa matematiko bat. Hainbat kasutan, ez dira letrak edo zenbakiak desberdintzeko gai. Bermatutako hezkuntzarik gabe haurrek ez dute etorkizunik izango.

Gatazka eremuetan diren haurrentzat eskolara joateko aukera izatea oso onuragarria da, adibidez, babesa eta egonkortasun sentsazioa ematen dielako. Eskolek eman dezaketen segurtasunak gerrak eragiten dituen efektu psikologikoak leuntzen laguntzen du eta are garrantzitsuago, haurrak babesten ditu gizakien salerosketarako sareetatik edota talde armatuetarako errekrutatuta izatetik.

Gatazkaren azken hilabeteak bereziki oso bihozgabeak izaten ari dira. Pasa den urtearen amaieran barne-migrazioen tasarik handienak jaso ziren: hiru hilabete eskasetan milioi bat pertsona baino gehiago etxerik gabe geratu ziren. Hildakoen kopurua ere % 50ean hazi da pasa den urtearen bigarren erdian eta nazioarteko erakundeen kalkuluen arabera, milioi bat haur inguru oso sarbide zaila duten eremuetan bizi dira. Eremu edo zonalde horietara ez da elikagaiak edo botikak eramaten dituzten konboirik iristen eta, ondorioz, haur-desnutrizio tasak izugarri igo dira.

Siriako haurrak babestu behar dira
Save the Childrenek behin eta berriz eskatu dio Europar Batasunari siriar haurren aldeko konpromisoa hartzea, haien interesak eta eskubideak defendatuz gatazkaren inguruan egiten ari diren bilera eta negoziazio desberdinetan. GKEaren ustez, Europar Batasunak protagonismoa hartu behar du eta, besteak beste, honako puntu hauekiko konpromisoa hartu beharko luke:

• Siriar haurrak babesteko erantzuna gidatu, Sirian bertan zein kanpoaldean.
• Mugak ireki eta haur errefuxiatuentzako planak ezarri, nagusiki, gurasorik gabe dauden horientzat.
• Sirian eskolak helburu militarra ez izatea exijitu. Era berean, haurren eskubideak urratzen dituzten horiek justiziaren aurrean euren erantzukizuna ordaindu beharko dutela bermatu. Horretarako, ospitaleek zein eskolek jasan dituzten erasoak eta bestelako eskubide-urraketak behar bezala ikertu beharko dira.

Aldi berean, Save the Childrenek eskaera bat egin du (https://www.savethechildren.es/actua/nuncaseran) Europar Batasunak Siriako haurren aldeko konpromisoa har dezan.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE