Apirilaren amaieran, British Council Espainiako Haurren Babeserako arduradun Sonja Uhlmann Bilbon izan zen haur eta nerabeen babesaren inguruan hitz egiteko.
Hedabideetan gero eta eskola-jazarpen kasu gehiago ematen direla ikusi ohi da. British Councilen ere horrelakorik somatu duzue? Zergatik da hain garrantzitsua haurren babesa?
British Councilek arreta handia eskaintzen dio haur eta nerabeen babesari, bereziki, gure ikasgeletan eta teknologia berrien erabileran. Izan ere, British Councilek ingeles eskolak eta azterketak eskaintzeaz gain, zerbait gehiago eskaini nahi die ikasle gazteei eta euren gurasoei. Bilbon eman ditudan hitzaldien xedea da teknologia berriak gauza ona direla azaltzea, betiere, erabilera zuzena egiten bada. Teknologia berriak mundua ulertzeko modu berri bat dira eta guztiok gaude bertan sartuta; ez dago atzera bueltarik.
Hitzaldiak gurasoei zuzenduta daude, nagusiki. Zein izan beharko luke gurasoen papera arazo horretan?
Hitzaldi hauen bidez gurasoei euren rolaren garrantzia azpimarratu nahi diegu. Irtenbidea ez da nerabeei IKTen erabilera debekatzea edota mugatzea; ostera, gazteak erabilera zuzen edo egoki baterako trebatu behar dira. Orain arte, gutxi dira trebakuntza-lan horretan sakondu duten gurasoak eta horregatik, agian, ‘umezurtz digitalak’ terminoa ere erabiltzen da. Gurasoek zeregin handia dute trebakuntza-lan horretan eta, horretarako, erabilera arduratsu batean elkarlanean aritu behar dira. Modu horretan, gazteek pentsamendu kritiko bat garatzeko aukera izango dute eta, horrekin batera, babes handiagoa izango dute. Une honetan, adibidez, ‘Fake News’ delakoak modan jarri dira, baina horrez gain, marketin digitala (youtuberren bidez, adibidez) ere hor da. Pentsamendu kritikoa garatu duen nerabe batek aukera izango dezake egia zer den eta gezurra zer den bereizteko.
Nola susta daiteke IKTen erabilera zuzenago bat?
Errespetua sustatu beharreko zerbait da. Sare sozialekin esaten den guztia biderkatu egiten da eta jazarpen kasuetan, adibidez, inpaktua askoz handiagoa da biktimarentzat. Gazteak ez dira asko aldatu belaunaldi batetik bestera. Aurreko belaunaldietan ere jazarpena ematen zen. Non da aldea? Orain sare sozialekin probak gordetzeko aukera dago eta legea zorrotzagoa denez, gero eta kasu gehiago amaitzen dira epaile baten aurrean.
Gezurra badirudi ere, eskola-jazarpen kasuak ematen dira bost urteko haurren artean. Eta indarkeria matxistako kasuak ere gero eta lehenago ematen hasten dira, 13-15 urte bitarteko nerabeen artean. Hori guztia oso kezkagarria da.
Zaila al da jazarpena zer den eta zer ez den bereiztea? Noiz hasi beharko luke gurasoen edo hezitzaileen esku-hartzeak?
Jazarpen kasuetan eskailera antzeko bat ematen da. Oso gaztetatik bere ikaskideak jotzen dituen haur bat baduzu hor jada arrisku-seinale bat duzu. Printzipioz ez du zertan arazo bat izan behar, baina, gutxienez, adi egoteko arrazoia bada. Haur berak, irakasleari aurre egiten badio honek errieta egiten dionean… arazoa jada handiagoa da. Eta, gainera, horren aurrean, gurasoak haurra defendatzen badute, bada, jazarle bat izateko aukera guztiak dituen haur baten aurrean zaude.
Haurrak garbi izan behar du non dauden mugak. Zoritxarrez, gaur egun, gurasook haurrak babesteko joera handia dugu. Frustazioak ez du zertan gauza negatiboa izan behar haur batentzat. Haurrek ezin dute beti nahi dutena lortu behar. Aspertzea ona da.
Gurasoek beti hezitzailearen alde jarri beharko lukete?
Ez du zertan beti horrela izan behar. Seguruenik, hainbat kasutan ikasleek ere arrazoia izan dezakete. Baina, printzipioz, norbaiten alde egin baino lehen, gomendagarria litzateke bi aldeak entzutea. Bada nik oso gustuko dudan Javier Urraren esaldi bat: ”gure seme-alabak Disney-gizarte batean hezitzen ari gara eta etorkizunean Breaking Bad-gizarte batean bizi beharko dute”. Esan dudan bezala, gure seme-alabak babesteko joera handia dugu. Hori, adibidez, garbi ikusten da eskola-kiroletan: gure seme-alabek jokatu behar dute bai ala bai.
Gurasoentzat aholku bereziren bat?
Gure seme-alaben hitz egiteko tarteak bilatu behar ditugu; komunikazioa landu behar da. Sarritan ikusi izan dut gurasoak eta euren seme-alabak bakarrik daudenean berehala telefonoak hartu eta bakoitza berean aritzen dela. Une horiek aprobetxatu behar dira hitz egiteko. Komunikazio-lerro hori lantzen ez bada, gero eta zailagoa izango da gure seme-alabak behar bezala ezagutzea. Gure seme-alabak entzun behar ditugu asko dutelako esateko.
Bestalde, gurasoek argi izan behar dute euren rola. Gurasoek ez dute euren seme-alaben lagunak izan behar; hezitzaileak dira eta mugak ezarri behar dituzte. Gauza guztiak ez dira negoziatu behar.
Eta irakasleentzat?
Irakasleen papera oso modu nabarmenean aldatu da, seguraski, beste hainbat lanbidetan ere aldaketak izan diren bezala. Irakasleek ondo ulertu behar dute euren rol berria; lehen ezagutzaren igorleak ziren eta orain, berriz, hezitzaileak izan behar dute, lehen irakasleek zuten ezagutza hori orain sarean dagoelako. Aldaketa guztietan jazotzen ohi den bezala, horrek arriskuak ekar ditzake, baina baita aukerak ere. Irakasleek ikasleei sarean informazio zuzena bilatzeko tresnak eman behar dizkiete. Lehen azpimarratu dudan bezala, pentsamendu kritikoa eta errespetua landu behar dute.