374.957 ikaslek hasiera eman diote ikasturte berriari

Hasi da ikasturte berria. Pasa den irailaren zazpian Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak hasiera ofiziala eman zion Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikasketa mailetako ikasturte berriari. Ekitaldia Donostiako Ikasbide Ikastolan izan zen eta Uriarte sailburuarekin batera Donostiako alkate Eneko Goia ere izan zen.

Aipatu ekitaldian aurkeztutako datuen arabera, hasi berri den ikasturtean, guztira, 374.957 ikasle izango dira euskal ikasgeletan. Aurreko urtearekin alderatuta, igoera arina izan dela azpimarra daiteke, % 0,03koa, hain zuzen ere. Hala ere, aurreko urteetan bezala, joera demografikoa dela eta, gero eta gutxiago dira Haur Hezkuntzako lehen zikloan (0-2 urte) izena eman duten ikasleak. Aurten, adibidez, jaitsiera % 2,95koa izan da aipatu zikloan eta bigarren zikloan ere (3-5 urte), berriz, % 2,34koa.

Ikasturtea hasi duten ikasle gehienek, arinki bada ere, sare publikoan burutuko dituzte euren ikasketak. Izan ere, aurreko urteetan bezala, oreka handia dago sare publikoaren eta itunpeko sarearen artean. Horrela, lehenengoan ikasleen % 50,6 aritu da eta bigarrenean, berriz, % 49,4.

Sareetan den oreka ez da ereduetan errepikatzen. Aurreko urteetako joerari jarraiki, gero eta gehiago dira D ereduan izena ematen duten ikasleak (+ % 0,8) eta gero eta gutxiago A ereduan izena ematen dutenak (- % 0,2). Hezkuntza sistemara sartu berri diren ikasleen %3,6k bakarrik aukeratzen dute A eredua.

Bekak

Aurkezpen ekitaldian Uriarte sailburuak azaldu duenez, ikasturte honetan 55 milioi euro bideratuko dira unibertsitatez besteko ikasleak eskolatzeko beketara. Gainera, sailburuak azpimarratu duenez, kopuru hori handitzeko aukera ere izango da, betiere, jasotako eskaerak direla eta, beharrezkoa izango balitz. Uriartek nabarmendu duenez, eskatutako baldintzak betetzen dituzten familia guztiek dagokien laguntza ekonomikoa jasoko dute. Pasa den ikasturtean 127.172 ikaslek jaso zuten bekaren bat, eta orotara 189.227 laguntza eman ziren.

Berritasunak

Jarraitasuna ikasturte berriaren ezaugarri nagusia bada ere, badira zenbait berritasun ere. Horien artean, Uriartek Hezkuntza Saila atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzeaz osatzen ari den azterketa aipatu du. Sailburuak azaldu duenez, Hezkuntza Sailak zenbait urte daramatza Euskal Hezkuntza Sisteman eskolatzen diren jatorri atzerritarreko ikasleen eskolatzeari buruzko azterlan bat burutzen. Izan ere, azken urteetan gure artean immigrazioak izan duen hazkundeak isla du hezkuntza sisteman ere eta horrek erantzun egoki bat eskatzen du. Uriarteren hitzetan, “azken boladan zeresan handia eman duen gai baten inguruan ari gara, baina Hezkuntza Inklusiboa eta Aniztasunaren Trataerarekiko Sailak hartua duen konpromisoaren baitan kokatzen dena. Gure lurraldea ezagutzen ari den immigrazioaren hazkundeak badu isla Euskal Hezkuntza Sisteman ere. Komunitateak, eskolak zein administrazioak unean uneko beharretara egokitu behar dute erantzuna, hezkuntza-politiken eta praktiken bidez. Horretarako, beharrezkoa da immigrazioaren fenomenoak eskola-sisteman duen eragina hobeto ulertzea, eta hezkuntza-arrakasta izateko aukerak sustatuko dituzten erronka zein esku-hartzeak identifikatzea”. 

Gauzatzen ari den azterlanaren xede nagusia da gero eta anitzagoa den eskolan azaltzen diren zenbait lehentasun identifikatzea. Horrez gain dagoeneko (Ikasle Etorkinei Arreta emateko II. Planaren bidez) garatzen ari diren ekintzen osagarri izango diren bestelako ekintza batzuk ere jasotzen ditu azterketak, eskola inklusiboaren aldeko lanean jarraitzeko xedez.

Aurkezpen ekitaldian protagonismoa izan duen beste gai bat Gaitasun Handiko ikasleena izan da. Gai horretan ere plan bat ezarriko da, lehenik eta behin, gaitasun horiek dituzten ikasleak ahalik eta lasterren antzemateko eta, bigarrenik, esku-hartzea ere ahalik eta azkarrena izateko.