Itelazpik, Eusko Jaurlaritzaren Telekomunikazioetako Sozietate Publikoak, eta Ikaslan Euskadik, Euskadiko Lanbide-heziketako Zentro Publikoen Elkarteak, informazioaren eta komunikazioaren teknologien alorreko ikasketak sustatzeko hitzarmena sinatu dute. Elkarte biek azaldu dutenez, telekomunikazioarekin zerikusia duten teknologiak ongizatearen sinonimo dira gure gizartean, baina, hala ere, ikasketa teknologikoak egin nahi dituzten ikasleen lehentasuna ez da demandarekiko proportzionala.
Itelazpiren kasuan, erakunde publikoak gizartearekiko konpromiso irmoa erakutsi nahi du eta zentzu horretan, hezkuntza sektoreak horretarako aukera ematen dio, adibidez, gizarte- eta ingurumen-ekimenak, genero-berdintasunekoak, euskara sustatzekoak eta berrikuntzako ekimenak garatu ahal izateko.
Ikaslanen kasuan, berriz, helburua da enpresen eta Lanbide-heziketako zentroen arteko lotura sendoagoak ezartzen laguntzen duen egituraketa-ardatz horietako bat izatea, eremu desberdinetako programen bidez.
Ikaslanetik zein Itelazpitik azaldu dutenez, hitzarmena bi aldeek egindako diagnostikoari emandako erantzuna da, identifikatutako aukerak bi erakundeen indarrekin integratuz. Bertan aurreikusitako jardueren artean honako hauek daude: Itelazpi prestakuntza-jardunaldietan eta bisita gidatuetan parte hartzea; praktikak sustatzea sektore horretan; gradu amaierako lanik onenarentzako urteko saria ezartzea eta batera parte hartzea ikerketa eta berrikuntzako jardueretan. Hori guztia garapen teknologikoa bultzatzeko eta ikasleak nabarmen hazten ari den sektore batean laneratzeko, emakumezkoei bultzada eta arreta berezia eskainiz.