16, 17 edo 18 urterekin ikasten jarraitzea garrantzitsua izan daiteke etorkizunean enplegu bat lortu ahal izateko eta, ondorioz, gaitasun ekonomiko handiagoa izateko. “Hezkuntzaren panorama: ELGAren adierazleak 2018” txostenaren arabera, ikasketa-maila oso garrantzitsua da etorkizunean izango diren soldatak zehazteko. Horrela, unibertsitate-mailako ikasketak dituzten langileen % 63k enplegatuen batez bestekoa baino gehiago irabazten du, bai lanaldi osoan zein lanaldi mugatuan. Ostera, batxilergo-mailako ikasketak dituzten langileen heren batek bakarrik beste enplegatuen batez bestekoa baino gehiago irabazten du.
Aipatu txostenean ezagutzera ematen denez, unibertsitate-mailako ikasketak izanik enplegua duten espainiar gazteen enplegu-tasa (% 77) aztertu diren herrialde guztietako batez bestekoa (% 84) baino baxuagoa da. Hala ere, espainiar unibertsitarioen enplegu-tasa batxilergo-mailako titulazioa duten gazteena baino nabarmen altuagoa da, azken horiena
% 61ekoa baita.
ELGAk prestatu duen txostenaren arabera, goi-mailako ikasketak (unibertsitate mailakoak, alegia) duten emakumeen ehunekoa gizonena baino altuagoa da, % 71 eta % 58, hurrenez hurren. Hala ere, gizon eta emakumeen artean den soldata-arrailak gizonen aldekoa izaten jarraitzen du.
Belaunaldiarteko tranpa
ELGAren txostenak azpimarratzen duenez, gurasoen maila akademikoak modu erabakigarrian eragiten du seme-alaben hezkuntza-mailan. Derrigorrezko hezkuntzatik haratago ikasten jarraitzeko aukerak biderkatu egiten dira gurasoek unibertsitate-mailako ikasketak dituztenean. Horrela, Estatuko pertsona helduen % 55ek, euren gurasoak Batxilergoko edo Lanbide Heziketako ikasketara iritsi ez direnean, ez dute ikasketa-maila hori lortu.
ELGAk ‘belaunaldiarteko tranpa’ izenarekin definitu du fenomeno hori eta diru-sarreretan ezberdintasun-maila handiak eragin ditzakeela ohartarazi du. Izan ere, Espainian ez da, hezkuntza-mailan, goranzko belaunaldiarteko mugikortasunik ematen eta, ondorioz, seme-alabak gurasoen hezkuntza-maila bera lortzeko joera izan ohi dute. Beste modu batean esanda, Espainian asko dira Batxilergo-mailako edo baliokide den hezkuntza-mailako ikasketak dituzten herritarrak. Gainera, pertsona horiek, kasu gehienetan, hezkuntza-maila horretan geratu diren pertsonen seme-alabak dira.
Datu horrek, gainera, genero-arraila bat dagoela uzten du agerian. Izan ere, txostenaren arabera, Espainian gizonek emakumeek baino arrisku handiagoa dute goi-mailako bigarren hezkuntzako titulazioa ez lortzeko.
Txostenean agerian geratzen denez, ingurune behartsuetako haurrek goi-mailako hezkuntzara iristeko aukera gutxiago dituzte. ELGAk azaltzen duenez, unibertsitate-mailako ikasketak ez dituzten gurasoen seme-alabek bigarren hezkuntzako bestelako ikasketak edo lanbide heziketako ikasketak burutzeko joera izan ohi dute. Gainera, hainbat kasutan, ikasketa horiek amaitzeko aukera gutxi izan ohi dituzte. Nolanahi ere, unibertsitate-mailako ikasketak ez dituzten gurasoen seme-alaben % 24k euren gurasoen ikasketa-maila gainditzeko gai izan dira eta unibertsitate-mailako ikasketak burutzea lortu dute.
Soldata-arraila txikiagoa
Txostenak azaltzen duenez unibertsitate-mailako ikasketak dituzten gizon eta emakumeen arteko soldata-arraila ELGA osatzen duten herrialdeetatik seigarren baxuena da. Zehazki, espainiar emakume unibertsitarioek hezkuntza-maila bera duten gizonek jasotzen duten batez besteko soldataren % 81 jasotzen dute. ELGAko batez bestekoa, kasu horretan,
% 74koa da. Hala ere, kontuan hartu behar da 2005. urtean kopuru hori
% 83koa zela.
ELGAk agerian uzten duenez, hezkuntza-maila zenbat eta baxuagoa izan, orduan eta soldata-arraila handiagoa. Horrela, goi-mailako bigarren hezkuntzako titulazioa lortu ez duten 25 eta 64 urte bitarteko emakumeek gizonek jasotzen duten soldataren % 78 jasotzen dute.
Ondorioetan azaltzen denez, genero desberdintasunek errealitate bat izaten jarraitzen dute. Zentzu horretan, mutilen artean ohikoagoa da ikasturtea errepikatu behar izatea, eskola utzi behar izatea edo hirugarren mailako hezkuntza ez lortzea. Hala ere, eskolan emakumeek jarduera hobea duten arren, enpleguan eta soldatetan errealitate hori guztiz kontrakoa da.
Ninietan eta errepikatzaileetan lider
Bigarren hezkuntzari dagokionez, Espainia da, ELGAko herrialdeen artean, aipatu hezkuntza-etapa horretan errepikatzaile gehien dituen estatua. Izan ere, ELGAko batez bestekoa % 2koa den bitartean, Espainiakoa % 11koa da. Errepikatzaileen artean, gehienak (% 60) mutilak dira. ELGAtik azpimarratzen dutenez, ikasle errepikatzaile kopuru handiak izateak kostu handia suposatzen du. Kontuan izan behar da, adibidez, 2015. urtean, Espainian, DBHko ikasle bakoitzeko batez besteko gastua 7.595,28 eurokoa zela. Errepikatzaileen kopurua oso altua den arren, 2005 eta 2016 bitartean Bigarren Hezkuntzako ikasketak amaitzea lortu duten ikasleen kopurua 25 puntutan hazi da. Aurten, adibidez, unibertsitatean sartu diren espainiar ikasleen tasa % 73koa izan da. Kopuru hori, ELGAko batez bestekoaren gainetik aurkitzen da (% 66). Gainera, unibertsitate-mailako ikasketak dituzten ikasleen tasa ere altuagoa da Espainian (% 58) ELGAn (% 49) eta Europar Batasunean baino (% 44).
Espainian, ‘nini’en kopurua, hots, ikasten edo lanean ez diren gazteen kopurua, ELGAkoa baino handiagoa da. 2017. urtean, 18 eta 24 urte bitarteko espainiar gazteen bosten batek (% 20,9) ez zuen ikasten edo lan egiten. ELGAren batez bestekoa, kasu horretan, % 14,5ekoa da.
Hezkuntzan egindako inbertsioa
ELGAren txostenean azaltzen denez, beste behin, Espainiak hezkuntzan inbertitzen duen kopurua ELGAko batez bestekoaren azpitik aurkitzen da. Horrela, Espainiaren kasuan, hezkuntzan egiten den inbertsioa Barne Produktu Gordinaren % 4a den bitartean, Europar Batasuneko batez bestekoa % 4,2an kokatzen da eta ELGAkoa, berriz, % 4,5ean. Gainera, 2010 eta 2015 bitartean Espainian ikasle bakoitzeko egiten den gastua %11n murriztu da lehen eta bigarren Hezkuntzaren kasuan eta % 13an goi-mailako hezkuntzaren kasuan.
Hezkuntza-mailaka egiten den gastu publikoa Espainian ELGAko eta Europar Batasuneko batez bestekoan azpitik aurkitzen da lehen eta bigarren hezkuntzan. Espainiaren kasuan, kopurua % 2,7koa den bitartean, ELGAn % 3koa da eta EBn % 3,2koa. Goi-hezkuntzan ere antzeko zerbait ematen da: Espainian gastua % 0,8koa den bitartean, ELGAn eta EBn % 1ekoa da. 2010 eta 2015 bitartean hezkuntzan egiten den gastuan izan den beherakadak bat egin du hezkuntza-maila guztietan izan den ikasle kopuruaren hazkundearekin. 2015. urtean lehen eta bigarren hezkuntzara bideratutako gastua bost urte lehenago bideratzen zen kopuruaren % 89a izan zen. Epe berean, ikasle bakoitzeko gastua % 5ean hazi zen inguruko herrialdeetan.
Goi-mailako hezkuntzan, berriz, jada azaldu den bezala, beherakada 13 puntutakoa izan zen bitartean, ELGAko herrialdeetan gastu hori 12 puntutan hazi zen.