170 gaztek parte hartuko dute aurtengo Auzolandegietan

Urtero bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko gazteek Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak antolatzen duen Auzolandegiak programan parte hartzeko aukera izango dute. Guztira, hiru lurraldeetan zehar banatuko diren 170 plaza eskaini dira aurtengo edizioan. Ezagutzera eman den programaren arabera, zortzi izango dira garatuko diren auzolandegiak,  guztiak 15 eguneko txandetan, Lekeitioko auzolandegia izan ezik. Kasu horretan, bi txanda izango dira. 

Aipatu zortzi auzolandegi horietatik hiru nazioarte-eremukoak izango dira eta beste bostak, berriz, estatu-eremukoak. Izena emateko epea apirilaren 16tik 24ra bitartean egongo da zabalik, eta, horretarako, Interneten eskuragarri dagoen inprimaki bat bete beharko da: www.gazteaukera.euskadi.eus.

”Programa horren bidez, 18 eta 26 urte bitarteko Euskadiko 170 gazte inguruk Euskal Autonomia Erkidegoko, beste autonomia-erkidego batzuetako eta atzerriko auzolandegietan parte hartu ahalko dute”, azaldu du Agurtzane Llano Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendari berriak. Plazen trukean, beste erkidego batzuetako 100 gaztek eta atzerriko 50 gaztek Euskadiko auzolandegietan parte hartzea aurreikusten da.

Aurtengo udan, Euskal Autonomia Erkidegoko auzolandegietan parte hartuko duten gazteek hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izango dute. Horien artean, azpimarragarrienak, honako hauek izango lirateke: hezegune bat berreskuratzea Agurainen, arkeologia-indusketa egitea Maeztun, Gaubean Villamordoneseko eremua egokitzea, Sopuertan bidegorri bat gaitzea, Bergarako eta Lekeitioko egoitzetan hirugarren adineko pertsonak dinamizatzea, Lemoan lubakiak eta memoria historikoa berreskuratzea eta Zamudion ahultasun nutrizionaleko egoeran dauden pertsonei elikagaiak banatzea eta laguntzea.

Aguraingo, Gaubeako eta Lemoako auzolandegiak nazioarte-eremukoak izango dira, eta bertan gazte atzerritarrak ere izango dituzte. Kasu horietan erreferentziazko hizkuntza ingelesa izango da. Gainerako auzolandegietan, hainbat autonomia-erkidegotako gazteek parte hartuko dute, eta erreferentziazko hizkuntzak euskara eta gaztelania izango dira.

Gainera, urtero bezala, gainerako autonomia-erkidegoetan eta atzerrian dauden auzolandegietarako plazak eskainiko dira. Atzerrian honako herrialde hauetara joateko aukera izango da: Alemania, Armenia, Estonia, Frantzia, Grezia, India, Islandia, Italia, Letonia, Maroko, Nepal, Txekiar Errepublika, Errusia, Serbia, Taiwan eta Turkia.

Auzolandengien bidez, zenbait balio sustatzen dira, besteak beste, bizikidetza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea, kulturen arteko ikaskuntza eta abar”, azaldu du martxoan Gazteria zuzendaritza hartu duen Llanok.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE