Ia 30 urte gurasoen etxetik joateko aukera izateko

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteen Euskal Behatokiak argitaratu berri duen ‘Gazteen emantzipazioa Euskadin, 2017’ txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 16 eta 34 urte bitarteko gazteen artean emantzipatzeko batez besteko adina 29,6 urtekoa da. Kopuru hori oso antzeko da gizonen zein emakumeen kasuan. Azken hamarkadan izan den joera aztertzen bada, ez da aldaketa handirik eman batez besteko adin horretan. Horrela, 2011. urtean, euskal gazteak, batez beste, 30,0 urterekin emantzipatzen ziren; 2013an, berriz arinki behera egin zuen batez besteko adinak eta 29,7 urtetaraino jaitsi zen.  2015ean berriro egin zuen gora (29,8) eta azken datuarekin, hots 2017. urteari dagokiona,  zertxobait egin du behera, berriz ere (29,6).

Datuak 16 eta 34 urte bitarteko gazteei eginiko inkesta batean oinarritzen dira, eta adin-tarteen arteko desberdintasun argiak erakusten ditu. Adibidez, jasotako datuen arabera, 16 eta 29 urte bitarteko gazteen artean
% 22,6 baino ez da bizi bere gurasoen etxeaz bestelakoan. Datu hori tentuz aztertu behar da, azken finean, neurri handi batean, bizitzako fase bakoitzaren baldintzen araberakoa baita. Horrela, zenbat eta nagusiagoa izan, orduan eta handiagoak dira emantzipazio-tasak. 25 eta 29 urte bitartean dituztenen artean, adibidez, % 47 emantzipatuta dago. Eta, 30 eta 34 urte bitartekoen artean, kopuru hori % 76,1eraino hazten da, hots, lau gaztetatik hiru emantzipatuta daude.

Ander Añibarro Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak horren guztiaren ildora honako hau azaldu du: ” hainbat dira fenomeno horren kausak, eta zerikusia dute prestakuntza-zikloak luzatzearekin, enpleguarekin, soldatekin, higiezinen merkatuko gorabeherekin eta beste zenbait alderdiekin”. Añibarrok azaldu duenez, ”gazteek, beraiek horrela esan dutelako, emantzipatzeko dituzten zailtasun nagusiak honako hauek dira: batetik, etxebizitzaren garestitzea, bai erosteko, bai alokatzeko; beste alde batetik, nork bere diru-sarreren iturri egonkorra izateko zailtasunak; eta, bestetik, banku-kreditua lortzeko zailtasuna”.

Ikasketak eta lana

Txostenean jasotako datuen arabera,  25 urtetik gorako gazteen artean okupazio nagusia lana da. 25 urtetik beherako gazteen artean, ostera,  okupazio nagusia ikasketak dira. Adinak, zeregin nagusian eta emantzipazio adinean ezezik jasotzen den soldatan ere eragiten du. Horrela, zenbat eta nagusiagoa izan, orduan eta soldata hobeak. Txostenaren arabera, 30 urtetik beherako okupatuen artean hileko batez besteko soldata 1.093 eurokoa da eta 30 eta 34 urte bitartekoen artean, berriz,  1.297 eurokoa. Beraz, ”emantzipatzeko aukerek gora egiten dute, nabarmen, 30 eta 34 urte bitartean”, azpimarratu du Añibarrok. Adin-tarte horretan, gainera, lau gaztetik hiruk (% 73,3) lan egiten dute eta beren diru-sarrera iturria dute.

Gazteria zuzendariak azaldu duenez, euskal gazteen batez besteko soldata areagotu egin da azken urteotan, ”izan ere, 2011an 16 eta 29 urte bitartean lana okupazio nagusi zuten pertsonek, batez beste, 998 euro irabazten zuten; 2013an soldatak jaitsi egin ziren, 966 eurotaraino, hain zuzen ere. 2015. urtean igoera arina izan zen (996 euro) , eta, 2017an, lehen aldiz dira 1.000 eurotik gorakoak”.

Prezioak 

”Alokairua etxebizitzara jotzeko modu nagusi bilakatu zela ematen zuen. Hala ere, 2015aren eta 2017aren artean, berriz ere egin du gora jabetzaren lehentasunak”, esan du Añibarrok. ”Alokairuen prezioen egoeraren ondorioz, gazteek beharbada garestiago ikusiko dute hileko alokairua ordaintzea hipoteka ordaintzea baino, baina baliteke fenomeno horretan jatorri kulturala ere egotea. Krisialdian, alokairuaren aukerak gora egin zuen, baina badirudi motiboa izan zela batez ere unean zegoen beharra, eta ez benetako ikuspegiaren aldaketa”.

2014tik, etxebizitza librea alokairuan hartzeak hasieran erosketak baino ordainketa handiagoa eskatzen du. Ekonomiaren suspertzearekin batera, EAEn alokairuaren batez besteko errenta hazi da eta, 2017ko laugarren hiruhilekoan, 944 eurokoa da, batez beste.  ”Oro har, 2017an beherakada txikia egon da alokairuan bizi den gazte-kopuruan, eta gorakada erosi arte aldi baterako irtenbidea dela esaten dutenen artean”, esan du Ander Añibarrok.

Arlo horretan, halaber, desberdintasunak antzematen dira, adin-tarteen arabera. Alokairuak jarraitzen du izaten 16 eta 29 urte bitarteko gazte emantzipatuen aukera lehenetsia; izan ere, % 69,1 alokairuan bizi da eta % 20k baino ez du erosi etxebizitza. 16 eta 29 urte bitarteko gazteek alokairua aukeratzeko arrazoiak oso desberdinak dira. Gehien aipatu den arrazoia (% 33,5) alokairua aldi baterako irtenbidetzat jotzen dela da, harik eta etxebizitza erosi ahal izan arte.

”30 urtetik aurrera, asmoak eta ohiturak nagusiagoenen asmo eta ohituren antzekoagoak dira; izan ere, diru-sarrerek gora egiten dute, hilean diru gehiago dute eta lan-egonkortasuna handiagoa da” azaldu du Añibarrok. Adin-tarte horretan, alokairuan bizi diren emantzipatuen ehunekoa % 46,2ra jaisten da, eta % 40,8k etxebizitza erosten du.

Batez besteko gastuak

Nahiz eta gazte emantzipatu guztiek ez dituzten hipotekako eta alokairuko gastuak, 16 eta 29 urte bitarteko emantzipatuen % 83,5ek hipotekako (% 14,4) edo alokairuko (% 69,1) hileko gastuak dituzte. Batez besteko hileko gastua (hipoteka eta alokairuak barne) 608 eurokoa da.

Alokairu-erregimenean emantzipatuta bizi diren 16 eta 29 urte bitartekoek diote beren alokairuaren errenta hilean 641 eurokoa dela. Hipoteka-mailegua kontratatuta duten pertsonek diote hilean, batez beste, 422 euroko kuota ordaintzen dutela. 30 eta 34 urte bitarteko pertsonen batez besteko hileko gastua (hipoteka eta alokairuak barne) 536 eurokoa da. Hipoteka-kuotako kostuak pixka bat handiagoak dira (485€) 16 eta 29 urte bitartekoek ordaintzen dituztenak baino.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE