Ondo pentsatu beharreko erabakia

Espainiako Hezkuntza Ministerioaren datuen arabera, bost ikasletatik batek unibertsitatea uzten du karreraren lehen urtean

0
231

Derrigorrezko Hezkuntza bukatzen duten ikasle gehienek Batxilergora jotzen dute,  unibertsitatera joateko bitarteko urrats moduan. Ikasle horiek ondorengo urteetan zein ikasketak burutu nahi dituzten erabaki behar dute eta, sarritan, ez dute aipatu erabaki hori hartzeko beharrezkoa duten informazio guztia esku artean. Hutsune hori, adibidez, agerian geratu da berriki ezagutzera eman diren ‘Estadística de Indicadores Universitarios’en (EIU) azaltzen diren datuetan. Horrela, aipatu datuen arabera, unibertsitate ikasketak hasten dituzten bost ikasletatik batek karrera uzten du lehenengo ikasturtean. Aipatu iturriaren arabera, 2016-17 ikasturtean matrikulatu ziren unibertsitarioen artean eskola-uzte tasa % 21,5ekoa izan zen. Aurreko ikasturteetan, antzeko kopuruak eman ziren: % 21,8 2015-16 ikasturtean eta
% 20,5 2014-15 ikasturtean.

EIUren arabera, 2016-17 ikasturtean 1.474.184 milioi unibertsitario zeuden Estatuan. Horietatik,  66.286 Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkio. Horietatik guztietatik, erdia baino gehiago (% 54,7) emakumeak ziren – % 53,5 EAEren kasuan–.

Gustu guztietarako datuak

Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak ezagutzera eman dituen datuen arabera, aipatu 1,4 milioi ikasle horietatik, 1.284.000 graduko ikasleak ziren eta beste 190.143 master ikasleak. 2016-17 ikasturtean gradua amaitzea lortu zuten ikasleen kopurua 186.539 izan zen eta, berriz, masterra amaitzea lortu zutenena, 99.413 izan zen.  

Egokitasun-tasari dagokionez, hots, aurreikusitako epean ikasketak amaitzen dituzten ikasleei dagokionez, batez beste, % 34,4koa izan zen. kasu horretan, azpimarratu behar da ikasketa motaren arabera alde nabarmenak izaten direla. Horrela, informatika ikasketen kasuan aipatu tasa % 11 ingurukoa den bitartean, ‘Osasuna eta gizarte-zerbitzuak’ adarrean tasa % 63,6koa da.

Horren ildora, unibertsitate sisteman sartu ziren ikasleak atera zirenak baino gehiago izan zirela azpimarratu behar da. Horrela, aipatu ikasturte horretan unibertsitate ikasketak hasi zituzten ikasleen kopurua 340.988 izan zen. Ikasle berrien artean arrakasta gehien izan zuen arloa edo esparrua ‘Negozioak, Administrazioa eta Zuzenbidea’ izan zen; ikasleen bosten bat (% 22,1) adar horretako ikasketaren batean hasi zen. Txostenak zenbait datu bitxi uzten ditu horren inguruan. Adibidez, ikasleek aukeratzen dituzten ikasketen arabera, oraindik ere, zenbait ikasketetan, parekotasuna urruti dagoen zerbait dela ikus daiteke. Horrela, zenbait kasutan, gizonezkoak nagusi diren ikasketak aurki daitezke (informatikan ikasleen % 87,9 gizonezkoak dira) eta gauza bera emakumeak nagusi diren ikasketekin (Hezkuntza arloan % 77,5 emakumezkoak dira). 

Unibertsitate-mailako ikasketan amaitzea lortu zuten ikasleen batez besteko nota 7,22koa izan zen. Kasu horretan ere, aldeak nabarmenak dira ikasketaren arabera. Batez besteko notarik altuenak ‘Hezkuntza’ eta  ‘Osasuna eta Gizarte-zerbitzuak’ arloetan aurkitzen dira, 7,63 eta 7,49, hurrenez hurren. Baxuena, berriz, ‘Ingeniaritza, Industria eta Eraikuntza’ arloan aurkituko dugu: 6,77.

Atzerrian ikasten

Txostenean jasotako datuen arabera, mugikortasun programaren bati esker (nagusiki, Erasmus) atzerrian ikasteko aukera izan duten estatuko unibertsitarioen kopurua 39.568 izan zen, hots, matrikulatutako ikasle guztien
% 3,14. Horietatik guztietatik, erdia baino gehiago (% 57,6) emakumezkoak izan ziren. 

Aldi berean, Estatuko unibertsitateren batera ikastera etorri diren ikasle atzerritarren kopurua 109.522 izan zen. Horietatik, 52.962 aipatu programa horietako bati esker ikasi du Espainian.

Europak sustatzen duen Erasmus programak eskaintzen dituen laguntzaz gain, asko dira unibertsitate-mailako ikasketak beka bati esker burutu ahal izan dituzten ikasleak. 2016-2017 ikasturtean, zehazki, horrelako ikasketetan laguntzeko 762 deialdi izan ziren Estatu mailan eta onuradunen kopurua 478.249 izan zen. Guztira, 1.022 milioi euro bideratu ziren beka horietara guztietara.

Graduko ikasleen kasuan, bekadun izan ziren ikasleak % 40,3 izan ziren, baina lehenengo mailako ikasleen kasuan, berriz, kopuru hori % 40,3raino hazi zen. Horietatik guztietatik, heren batek baino gehiagok (% 36,1) beka galdu zuen  lehen ikasturtearen ondoren.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.