Bilbo Europako Kontseiluak antolatzen duen Kulturarteko Hirien Programako StoryCities proiektuaren barruan egindako bideo bateko protagonista da. Bertan, besteak beste, Bilboko Udalak eta hiriko zenbait erakunde sozial, auzo-elkarte, unibertsitate, elkarte eta profesionalek hartu dute parte. Bideoak Bilbon aniztasunaren, elkarbizitzaren eta gizarte-kohesioaren alde egin den lana islatzen du.
StoryCities proiektuak Europako zenbait hiritako kulturarteko ekimenak eta proiektuak abian jartzeko lanean ari diren pertsonen istorioak biltzen ditu. Ekimen horren xedea da aniztasuna gizarte osorako abantaila izan dadin laguntzen duten pertsonen eta elkarteen garrantzia azpimarratzea eta ikusaraztea. Ekimena abian jartzeko, Europako Kontseiluak aukeraketa bat egin zuen Kulturarteko Hirien Programa osatzen duen sarearen barruan. Zehazki, Europako 135 hiri daude, eta Bilborekin batera, adibidez, honako hauek azpimarra daitezke: Geneva (Suitza), Erlangen (Alemania), Stavanger (Norvegia), Cascais (Portugal) eta Reggio Emilia (Italia).
Bilbok 2011. urtean egin zuen bat Kulturarteko Hirien Programarekin. Europar ekimen horren xedea da kulturarteko kudeaketaren eredua tokiko eremuan sustatzea, kulturarteko programak dauzkaten Europako hirien artean ezagutzak eta esperientziak partekatzeko. Horretarako, berariazko tresnak erabiltzen dira, esaterako ‘Kulturarteko hirira, urratsez urrats’ edo Kulturarteko Hirien Aurkibidea.
Diskurtso arrazistei aurre egiten
Halaber, Bilbo ‘Rumourless Cities’ edo Zurrumurrurik gabeko Hirien proiektuko topaketa bat egiteko aukeratu dute, Europako Batzordeak URBACT III programaren barruan finantzatuta. Topaketaren xedea da Europa osoan erronka berriei aurre egitea bazterkeriari eta diskurtso arrazistei aurre egiteko, eta tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa gauzatzea.
Deustuko Unibertsitatea Bilboko Udalarekin batera aritu da zurrumurruen aurkako proiektuaren hastapenetatik eta, hori dela eta, bertan ospatu zen pasa den apirilaren 3 eta 4 bitartean gai horren inguruko jardunaldi bat. Bertan, langile teknikoek eta espezializatuek Herritarren eta Aniztasunaren II Udal Planaren barruan dagoen udalaren egungo estrategiaren berri eman zuten. Jardunaldiaren amaieran, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoak ikustera abiatu ziren parte-hartzaileak, Auzokizuna 2020 Planaren kariaz.
‘Rumorless Cities’ Portugalen den Amadora hiriak kudeatzen duen sare bat da eta Bilborekin batera, Cardiff (Gales), Hanburgo-Altona (Alemania), Varsovia (Polonia), Alba Iulia (Errumania), Ioánina (Grezia) hiriek ere parte hartzen dute. Sare horren xedea da jakitea nola abiarazten diren zurrumurruen kontrako tokiko estrategiak eta aurre egitea migratzaileen eta iheslarien kontrako jarrera negatiboei.
Bilboko Udalak 2013tik garatzen du zurrumurruen aurkako proiektua atzerritarren inguruko estereotipo negatiboei aurre egiteko, zenbait baliorekin lan egingo duten pertsonen eta erakundeen sarea sortzeko eta sendotzeko: kulturartekotasuna, gizartearen kohesioa eta bazterkeriaren aurkako borroka. Gaur egun, zurrumurruen aurkako estrategia garatzeko lanean 200 eragile ari dira, uriko lau barrutitan banatuta.