Pasa den maiatzaren 13 eta 17 bitartean eta KCDek antolatuta, Emakumeek egindako zine karabanaren 8. edizioa ospatu zen Bilboko Azkuna Zentroaren Golem zinemetan. Aurtengo edizioaren ardatza gerrak izan dira. Izan ere, aurkeztu diren filmetan, besteak beste, Espainiako Gerra Zibilean alde errepublikarraren alde borrokatu zuen arabiar brigaden istorioa, Bigarren Mundu Gerran Afrikari ezarritako parte-hartzea, Balkanetako gerra edota Sirian kurdu emakumez osaturiko brigada batek burututako borroka ezagutu ahal izan dira.
Tradizionalki, gerra gizonen gauza izan da. Gizonak izan dira gerra horiek eragin dituztenak eta, ondoren, gizonak izaten dira gerra horiek kontatzen dituztenak. Hala ere, badira gatazkei eta euren ondorioei buruz hitz egiten duten emakumeak eta horiek izan dira, hain zuzen ere, aurtengo edizioaren protagonistak. Horiek, erbestea, komunitatea, familien eta herrien suntsipena, bortxaketak, sufrimendua eta heriotza bezalako gaiak mahaigaineratu dituzte. Emakumeek zinemagintzan izan duten ahalduntzea ikusteko aukera paregabea izan da. Gainera, aurkeztutako lanak nazioarteko hainbat jaialditan izan dira, hala nola, Cannesen, Montrealen edo Kartagon. Ikusi ahal izan diren pelikulak izan dira: ‘You come from far away’, ‘Chris The Swiss’, ‘Fahavalo, Madagascar 1947’, ‘Rudar’ eta ‘Commander Arian’.
Emakume zinemagile eta ikus-entzunezko hedabideen elkarteak (CIMAk) dioenez, emakumezkoek estatuan burutzen diren pelikulen % 8a baino ez dute zuzentzen. Zinemagileak emakumeak badira, emakume aktoreen parte-hartzeak ere gora egiten du; hortaz, benetako berdintasuna lortzeko aurrerapausua ematen da. Horrez gain, gidoi, argazkigintza eta ekoizpen arloetan ere desparekotasun handia ikus daiteke.
Horregatik, Kultura Communication Desarrollo KCD GGKE elkarteak hamarkada bat baino gehiago darama zinea bultzatzen eraldaketa soziala lortzeko, batez ere, Genero Ekitatea. Hemen, hain zuzen ere, kokatzen da Emakumeek egindako zine karabana’. Aurten 8. edizioa izango da.
Nazioarteko sariak
Zinemaldian ikusitako filmeak emakumeak zuzendutakoak dira eta XX. eta XXI. mendeko gatazkak berrikusten dituzten film konprometituak dira.
‘You come from far away’ filmak eman zion hasiera Karabanari. Egiptoko Amal Ramsis zinemagilearen filma da eta familia baten bitartez, Espainiako Gerra Zibilean parte hartu zuen palestinar baten istorioa ezagutarazten digu.
Cannes, Zurich, Zagreb eta Triesteko jaialdietan saritua, ‘Chris the swiss’ pelikulak Balkaneko Gerrara hurbiltzen gaitu kazetari baten hilketaren bidez. Bestalde, II. Mundu Gerran gertatutako exekuzioak mahaigaineratzen ditu ‘Rudar’ film luzeak.
‘Fahavalo, Madagascar 1947’ filmak Frantziako sistema kolonialari aurre egin zioten ‘fahavalo’ matxinoen istorioa azaltzen du.
Azkenik, Siriako Gerra ere protagonista izan da Alba Sotorrak zuzendutako dokumentalaren bidez.