Etxeko lanak hobe gurasoen laguntzarik gabe

Ikasleek izan ohi dituzten etxeko lanen gaiak soka ekarri du azkenaldi honetan. Asko dira lan horien beharra kritikatzen dutenak eta beste asko, berriz, lan horiek defendatzen dituztenak. Eztabaida horretan sartu gabe, Asturiasen berriki egin den azterlan batek beste ikuspegi bat azaleratu du. Izan ere, Oviedoko Unibertsitateak eta Asturiaseko Hezkuntza Sailak egin duten ikerketa baten arabera, etxeko lanak egiteko gurasoen laguntza edo ikuskapena duten ikasleek emaitza akademiko okerragoak lortzen dituzte. Azterlanaren arabera, etxeko lanak modu autonomoan egiten dituzten ikasleek, berriz, emaitza hobeak lortuko lituzkete. Azken kasu horretan, gurasoen papera ikasketen inguruan galdetzera mugatuko litzateke, baina etxeko lanen inguruko xehetasunetan sartu gabe.

Azterlana Hezkuntza Ministerioak 2010. urtean DBHko bigarren mailako 26.543 ikaslerekin egin zuen diagnosi-probako datuetan oinarritzen da. Datu horiek abiapuntutzat hartuta, ikertzaileek jakin izan dute guraso gehienek euren seme-alabei etxeko lanak dituzten ala ez galdetzeko joera dutela. Zehazki, amen % 86k eta aiten % 63k galdetu ohi die seme-alabei etxeko lanak dituzten ala ez. Gurasoen hiru laurdenek berriz, seme-alabek etxeko lanak egin dituzten ala ez begiratzen dute eta % 40k, zuzenean, etxeko lanak egiten laguntzen dute. Ikertzaileek azpimarratzen dutenez, kopuru horiek aintzat hartuta, DBHko ikasleriaren kopuru handi batek ez du autonomia nahikorik etxeko lanak egiteko. Adituen ustez ikasleek etxeko lanak egiteko ardura garatu behar dute. Gurasoek, noizean behin laguntza eskaintzea ez da gauza txarra, baina printzipioz, egokiena litzateke etxeko lanak egiteko autonomia nahikoa izatea. Azken finean, irakaslearen ikuskaritzatik kanpo egiten diren ariketa bakarrak dira eta horiek ardura sortzeko balio dute.

Familiaren inplikazioa

Ikerketak bi familia inplikazio estilo daudela azpimarratzen du. Alde batetik, komunikazioan oinarritutako estilo bat legoke, non gurasoek euren seme-alabekin hitz egiten duten eskolaren inguruan ikasketa teknikak eta ohiturak, ikasgelan dituzten harremanak eta motibazio jorratzeko. Kasu horretan, gurasoek bakanka zentratuko dira etxeko lanen alderdi zehatzetan. Bigarren estiloa, ostera, kontrolatzaileagoa da. Gurasoak zuzendari bezala azaltzen dira eta komunikazioak ez du hainbesteko garrantzirik. Bigarren modelo horretan, gurasoak, nagusiki, laguntzan, ikuskapenean eta kontrolean zentratzen dira eta, sarritan, etxeko lanen egitean ere sartzen dira zuzenean.

Lehen modeloan koka daitezkeen familietan bizi diren haurrek, batez beste, bigarren modeloan bizi direnak baino 20 puntu akademiko gehiago lortzen dituzte. Puntuazio hori, adibidez, PISA txosteneko terminologiara estrapolatuko bagenu, bi taldeen artean ikasturte erdiko tartea dagoela ikusiko genuke.

Gurasoen kontrolik gabe etxeko lanak egiten dituzten ikasleen eta gurasoen laguntzarekin etxeko lanak egiten dituzten ikasleen artean, eta PISA txostenaren terminologia erabilita, ikasturte erdiko aldea egongo litzateke

Txostengileek ikusi ahal izan dutenez, orain arte azaldutako guztia ikasgeletan ere ikus daiteke. Ikastetxe batean kontrolatzaileak diren familiak nagusi badira, batez beste, notak baxuagoak dira. Ostera, guraso ez kontrolatzaileak nagusitzen badira, notak altuagoak izateaz gain, ikasleen artean izan ohi diren aldeak txikiagoak dira.  Hau da, zenbat eta kontrol gutxiago orduan eta ekitate handiagoa, nolabait, gurasoen aldagaia desagertzen delako.

Egoera hori hezkuntza-politikak diseinatzeko aprobetxa daitekeela ohartarazten dute egileek. “Irakaslearen eta gurasoen arteko bilera batean tutoreak gurasoei esaten badie euren seme-alabak ez dituela etxeko lanak amaitzen edo gaizki amaitzen dituela, hurrengo egunean, gurasoak etxeko lanekin laguntzen jarriko dira. Horrelako informazioak, zuzenean, gurasoak kontrolatzaileak bilakatzen ditu”.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE