Haurren eskubideen 30. urteurrena: aurrerapen historikoak eta erronkak

Azaroaren 20an Haurren Egun Unibertsala ospatzen da. Egun horretan, haurrak protagonista dira mundu osoan. Aipatu eguna, lortutako aurrerapenak ospatzeko eguna ere bada, baina, bereziki, haur babesgabeen egoeraz ohartarazteko eguna da, haurren eskubideen berri emateko eta eguneroko ongizatearen eta garapenaren alde lan egiteak duen garrantziaz kontzientziatzeko.

Izan ere,  haur behartsuenetako askok oraindik ez dituzte Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren ondorioak nabari; horregatik, ezin bestekoa da premiazko neurriak hartzea eta haurren eskubideekiko konpromisoa berritzea, mehatxu zahar eta berriei aurre egin ahal izateko. Hori da, hain zuzen ere, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren 30. urteurrena dela eta UNICEFek aurkeztu berri duen txostenak azpimarratzen duena. Txostenean azaltzen denez, azken hiru hamarkada horietan hainbat aurrerapen lortu dira eta horiek guztiek  erakusten dute borondate eta determinazio politikoek haurren bizitza hobetzeko gaitasuna dutela.

“Azken hiru hamarkadetan sekulako aurrerapenak lortu dira haurren alde, eta horiei esker, gero eta gehiago dira denbora gehiago, hobeto eta osasuntsuago bizi diren haurrak. Hala ere, haur txiroenek eta  babesgabeenek desabantaila egoera batean bizitzen jarraitzen dute”, azaldu du UNICEFeko Zuzendari Exekutibo Henrietta Forek.

Azken 30 urteetan lortu diren zenbait aurrerapen:

• Mundu mailan, bost urtetik beherakoen heriotza-tasa % 60 jaitsi da.

• Eskolara joaten ez diren lehen hezkuntzako haurren proportzioa
% 18tik % 8ra jaitsi da.

• HEHren printzipio gidariek (bereizkeriarik eza; haurraren interes gorena; bizitzeko, bizirik irauteko eta garatzeko eskubidea; eta babeserako eskubidea) mundu osoko konstituzio, lege, politika eta praktika askotan eragin dute. 

Baina aurrerapena ez da uniformea izan:

• Diru-sarrera baxuak eta ertainak dituzten herrialdeetan, etxe txiroenetako haurrek probabilitate bikoitza dute bost urte bete baino lehen saihes daitekeen arrazoi batengatik hiltzeko, etxe aberatsenetako haurrek baino.

• Eskura diren datuen arabera, Saharaz hegoaldeko Afrikako etxe pobreenetako haurren erdiak bakarrik du elgorriaren kontrako txertoa.  Etxe aberatsenetako haurren kasuan, aldiz, kopuru hori % 85era hazten da.

• Mundu osoan haurren ezkontza-tasak jaitsi diren arren, zenbait herrialdetako neskarik pobreenak 1989an baino arrisku handiagoko egoeran daude gaur egun. 

Mehatxu zaharrak eta berriak

• Pobreziak, diskriminazioak eta bazterketak arrisku egoeran uzten dituzte milioika haur pobre: gatazka armatuek, gero eta handiagoa den xenofobiak eta migrazioaren eta errefuxiatuen munduko krisiak eragin suntsitzailea dute munduko aurreratzean. 

• Ikuspegi fisiko, fisiologiko eta epidemiologiko batetik, haurrak dira krisi klimatikoaren efektuak pairatzeko arriku gehien dituztenak: kliman ematen ari diren aldaketa azkarrek gaixotasunak barreiatzen dituzte, muturreko fenomeno meteorologikoen intentsitatea eta maiztasuna larriagotzen dute eta elikagaien eta uraren segurtasunik eza areagotzen dute. Premiazko neurririk hartu ezean, haur askorentzat okerrena etortzeko dago.  

• Inoiz baino haur gehiago immunizatzen diren arren, azken hamarkadan txertaketaren estaldura-tasen dezelerazioak arriskuan jarri ditu haurren osasunaren arloko lorpenak: Elgorriaren aurkako txertoaren estaldura eten egin da 2010. urteaz geroztik eta horrek gaixotasun hilgarria berpiztu du herrialde askotan. 2018an ia 350.000 elgorri kasu erregistratu ziren, aurreko urtean baino bi aldiz gehiago.

• Eskolaratu gabe dauden haurren kopurua berean mantendu da eta eskolara joaten diren horien emaitzak   eskasak izaten jarraitzen dute. Mundu osoan, lehen hezkuntza egiten ez duten haurren kopurua berean mantendu da azken hamabi urteetan. Gainera, eskolara joateko aukera duten haur askok ez dituzte oinarrizko kontzeptuak ikasten eta, are gutxiago, egun indarrean den eredu ekonomikoan aurrera egiteko beharrezkoak diren ezagutzak. 

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE