Europako Kalitate Zigiluak euskal ikastetxeek eTwinning programan garatutako 15 proiekturentzat

EAEko ikastetxeetan 2019-2020 ikasturtean eta eTwinning programa europarraren baitan garatutako 15 proiektuk Europako Kalitate Zigiluak eskuratu berri dituzte. Pasa den ikasturtean, guztira, programan parte hartzen duten euskal ikastetxeek 279 proiektu garatu zituzten, eta horien artean daude aitortza jaso duten hamabost horiek. Aitorpen horri esker saria lortu duten irakasleek eTwinning sarien Europako deialdian parte hartzeko aukera izango dute.

eTwinning programa europarrak aukera ematen die ikasleei Europako hezkuntza komunitateko kide sentitzeko, europar herritartasuna eta dimentsioa ere garatuz. Gainera, teknologia berriei eta atzerriko hizkuntzei lotutako trebetasunak ere praktikatzeko aukera ematen die.

Ikastetxeen Europako komunitatea

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei esker, eTwinning programak taldean lan egiteko aukera ematen die geografikoki elkarrengandik urrun bizi diren ikasleei. Europako hainbat herrialdetako ikasleak lankidetzan aritzen dira proiektu berean, hasi eta amaitu arte, eTwinning programari esker.

Aipatu programa Erasmus+ barruan garatzen da, eta bere helburu nagusia da, IKTen bitartez,  bertan parte hartzen duten Europako herrialde desberdinetako ikasleen eta irakasleen arteko harremana, ideien trukea eta lankidetza bultzatu eta erraztea. Horretarako, programak ikastetxe parte-hartzaileen eskura jartzen du beharrezko online plataforma teknologikoa (www.etwinning.net) baliabideez hornituta egon daitezen ikasteko, komunikatzeko, elkarlanean aritzeko eta beren proiektua garatzeko.

eTwinning 2005ean sortu zen eta Europako Batzordeko eLearning ikasketa-programaren ekimen garrantzitsuena izan da. 2014az geroztik Erasmus+en parte da; Europar Batasuneko programa hezkuntzaren, prestakuntzaren, gazteriaren eta kirolaren arloetan.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE