COVID-19ak haurren garapenean izan duen eragina

Human Rights Watch (HRW) GKErentzat COVID-19ak eragindako krisiak eragin negatibo sakon eta luzea izan lezake mundu osoko haurrengan. Erakunde horren ustez, litekeena da ondorioak suntsitzaileak izatea, nahiz eta COVID-19 hartzen duten haurrek sintoma ez hain larriak eta beste kolektibo batzuetakoek baino heriotza-tasa txikiagoak izan.

Pandemia dela eta, 1.500 milioi ikasle baino gehiago eskolarik gabe geratu dira. Pandemiak eragin duen krisia dela eta, seguruenik, milioka lanpostu suntsituko dira eta horrekin batera, milioka familien diru-sarrerak eten egingo dira. Horrek, zuzenean, haur lanaren, sexu-esplotazioaren, nerabetasunean nahi ez diren haurdunaldien eta haur-ezkontzen mailak haztea ekarriko du.

Era berean, HRW GKEak ohartarazi duenez, koarentenan edo itxialdian bizi diren familietan tentsioa areagotzen da eta horrek ere zuzeneko eragina du etxeko indarkerian. Gainera, COVID-19k eragindako heriotza kopurua igo ahala, gero eta gehiago izango dira zurztasun egoeran aurkituko diren haurrak eta, ondorioz, esplotazioa eta abusuak pairatzeko arriskuan.

Haur askorentzat, COVID-19 krisiak ekarriko du jasotzen duten hezkuntza mugatua edo baliogabea izatea, edo gainerakoen aurrerapen-erritmoari jarraitu ezin izatea. Munduko ikasleriaren % 91 baino gehiagok ez du eskolara joateko aukerarik 188 herrialdetan eskolak ixteko erabakia hartu delako.

Halaber, krisiak agerian utzi du herrialdeen artean desberdintasun nabarmenak daudela larrialdietarako prestaketaren, haurren Interneteko sarbidearen eta ikasteko materialen eskuragarritasunaren inguruan.

Online ikasteko plataformak nagusitu diren arren, eskola publiko asko ez daude horiek erabiltzeko prestatuta, eta ez dute ez teknologiarik ez ekiporik Internet bidez eskolak emateko. Kontuan izan behar da ia munduaren erdian ez dagoela Interneterako sarbiderik.

Baliteke ume askok guraso bat edo biak edo beste zaintzaile batzuk galtzea. Umezurtzak bereziki zaurgarriak dira salerosketarako eta bestelako esplotazioetarako, hala nola sexu-esplotazioa, eskean ibiltzea, kaleetan produktuak saltzea edota haurren beste lan mota batzuk. Adin handiagoko haur askok sarritan eskola uzten dute anai-arreba gazteagoen mantenuan laguntzeko.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE