Euskal unibertsitateetako diziplina zientifikoetan gero eta emakume gehiago graduatzen dira gizonak baino. 2017/2018 ikasturtean (Eustatek, Euskal Estatistika Zerbitzuak argitaratutako unibertsitate-estatistikan eskuragarri dagoen azken datua), zientzietako unibertsitate-graduren bat amaitu zuten 466 pertsonetatik erdia baino gehixeago (% 54,1) emakumeak izan ziren.
2013/2014 ikasturtetik 2017/2018 ikasturtera bitarteko bilakaera aztertuz gero, ikus daiteke, zientzia-arloko graduren bat amaitu dutenen artean, emakumeen proportzioa gizonena baino zertxobait handiagoa dela beti.
Zientzia alorrean sartzen diren graduak honako hauek izango lirateke: Biologia, Biokimika eta Biologia molekularra, Bioteknologia, Elikagaien zientzia eta teknologia, Fisika, Geologia, Ingurumen-zientziak, Kimika eta Matematikak. 2017/2018 ikasturtean, aipatu graduetan gizon baino emakume gehiago graduatu ziren, Fisikan, Ingurumen Zientzietan eta Geologian izan ezik.
Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetan 2017/2018 ikasturtean graduatu diren ikasle guztien artean zientzia-adarrean graduatu zirenak (bi sexuetakoak) % 5,1era besterik ez dira iristen.