Konprometituak, baina aspertuta

Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 15 eta 19 urte bitarteko gazteen ia % 70ek du koronabirusaren krisiaren ondorioz ezarritako konfinamenduarekiko konpromisoa eta erantzukizuna. Baina euskal gazteak ere aspertu egin dira konfinamenduaren lehen etapa horretan. Hala zioen behintzat, inkestan parte hartu zuten 19 urtetik beherakoen % 58,7k.

Horiek dira, besteak beste, Gazteen Euskal Behatokiak martxoaren 20tik 29ra bitartean (lehen konfinamenduaren hasieran) 15 eta 34 urte bitarteko neska-mutilei egindako on line inkestatik ateratako ondorioetako batzuk. Guztira, 3.482 inkesta egin ziren, eta gehienak emakumeak izan ziren (% 70).

Inkestan, halaber, euskal gazteriaren alderdi solidarioena azaltzen da. Jasotako datuek azaltzen dutenez, hamar gaztetik ia lauk dagoeneko izena emana zuen, edo hala egiteko aurreikuspena zuen, laguntza-sare batean edo laguntza eskaini zien egoera zaurgarrian ziren bizilagunei edo pertsonei.

Zenbat eta helduago, arduratsuago

Inkestak oso ondorio interesgarriak eskaintzen ditu: adibidez, gazteek konfinamenduaren hasieraren aurrean zuten gogo-aldartea nolakoa zen ikus daiteke. Izan ere, % 6,2k bakarrik (hamarretik bat baino gutxiago) esaten zuen birusa geldiarazteko isolamendu-beharrarekin konpromiso gutxi edo batere konpromisorik ez zuela. Aitzitik, hamar gaztetik zortzi Covid-19aren osasun-krisiak agindutako konfinamenduarekin konprometituta zeuden. Adinean aurrera egin ahala, erantzukizuna eta konpromisoa handitu egiten dira: 15 eta 19 urte bitarteko pertsonen % 69,4 izatetik, 30 eta 34 urte bitartekoen % 85,7 izatera pasatzen dira.

Adinaren faktorea beste sentimendu batzuen aurrean ere errepikatzen da, hala nola asperduraren eta nagikeriaren aurrean, non behera egiten baitute adinak gora egin ahala. Horrela, bi sentimendu horiek aipatuak izan ziren 15 eta 19 urte bitarteko pertsonen % 58,7engatik, eta 30 eta 34 urte bitartekoen % 36,2engatik. 

Antzeko joera ematen da maitasuna eta samurtasuna bezalako sentimenduen aurrean. Kasu horietan ere, adinak aurrera egin ahala igo egiten dira (% 41,7 20 urtetik beherako gazteen artean eta % 63,6 30 urtetik gorakoen artean). Sortutako egoeraren aurrean kezka edo beldurra (inkestan parte hartu duten gazteen % 41,3k aipatzen ditu)azaltzen duten gazteen kopuruak ere gora egiten du adinak gora egin ahala (% 52,8 30 eta 34 urte bitarteko gazteen artean eta % 34,9 15 eta 19 urte bitartekoen artean).

Era berean, sentimendu positiboak negatiboak baino partekatuagoak diren arren, generoaren arabera horiei ematen zaien garrantzia ere aipagarria da. Hala, lasaitasuna, baretasuna, segurtasuna eta konfiantza bezalako emozioak hedatuago daude gizonen artean; emakumeek, aldiz, gehiago aipatzen dituzte beldurra eta kezka, antsietatea eta estresa, agobioa eta depresioa, edo bakardadea eta tristura, bezalako sentimenduak. 

Agobioa eta depresioa bezalako sentimenduak gehiago agertzen dira emakumeetan (% 32,4) gizonetan baino (% 24,3) eta, aldi berean, hedatuago daude 25 urtetik beherakoen artean (% 31,1) eta ikasleen artean (% 31,8).

Bakardadea eta tristura sentimenduak gehiago azaltzen dira emakumeen (% 20,1), gazteenen (% 21,5 15 eta 19 urte bitartekoen artean) eta, bereziki, konfinamendua bakarka bizi dutenen (% 38,2) artean.

Eguneroko errutinak

Inkesta egiten ari zirela, hamar gaztetik seik eguneroko errutina bat ezarria zuen, % 46,3k beren ekimenez, eta % 14,9k ikastegiaren laguntzaz.

Etxeko lanetan ere sarriago parte hartzen hasi ziren (% 55,8k lehen baino gehiago garbitzen zuen) eta txukuntzen (% 52,2), nahiz eta adinaren eta generoaren arabera aldeak dauden. Horrela, etxean sartuta egonik, hainbat genero estereotipo errepikatzen dira etxeko lanetan ematen den denborari dagokionez. 

Horrela, gizonen artean konfinamendu garaian gehien hazi den jarduera lo egitearena izan den bitartean (ondoren garbitzea eta txukuntzea azaltzen dira), emakumeen kasuan gehien aipatu diren jarduerak orden honetan, honako hauek izan dira: garbitu, txukundu eta lo egin.  

Adin tarteak aztertzen badira, gazteenek, hots, 15 eta 19 urte bitartekoek, lo gehiago egin dute eta ondoren garbitu; bestelako adinetan, berriz, garbiketak eta txukunketak denbora gehiago hartu dute. 

Aisialdi jarduerei dagokionez, lagunekin edo senitartekoekin txateatu edo hitz egin izan da gehien aipatu den aukera. 

Nabarmentzekoa da, halaber, komunikabideek emandako albisteen jarraipenak % 62 egin duela gora informatuta egoteko. Gehienek telefonoa erabili arren, gazteek ez dute sinesten iristen zaien guztia. Hala, 15 eta 34 urte bitarteko gazteen % 91,7k dio koronabirusarekin lotutako amen-omenak jaso dituela, baina % 81,7k ere egiaztatu duela egiazkoak diren ala ez.


Konfinamenduan zehar ikasi

  • Inkesta erantzun dutenen artean talderik kopurutsuena (% 64) osatzen duten ikasleen artean gehienek (% 81,6) online eskolak jaso dituzte. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH), Batxilergoko eta unibertsitate-graduetako ikasleak dira nagusiki online eskolak jasotzen ari direnak (% 90,1; % 87,9  eta % 86,4, hurrenez hurren). Hala ere, Lanbide Heziketa ikasten dutenen artean, ibilbide horrek orientazio praktikoagoa duenez, inkestari erantzun dioten ikasleen erdiak baino ez dira ari horrelako eskolak jasotzen (% 50,3).
  • Online eskolak jaso dituztenen artean, erdiak baino gehiagok esan du zailtasunak izan dituela eskolak jarraitzeko: % 44,9k zailtasunen bat izan duela esan du, eta beste % 10,4k zailtasunak izan dituela. 
  • Online eskolak jaso dituztenen artean, % 43,4k azaldu du eskolak jasotzeko sistema hori gustuko duela.  Kopuru horrek bat egiten du online eskolak ondo, inolako arazorik gabe, jarraitzen dituela adieraz duten gazteen kopuruarekin. 
  • Ikasten ari direnek, nagusiki, egoera berri horrek azterketengan izan dezakeen eragina aipatzen dute kezka nagusi gisa. Guztien gainetik selektibitatean izan dezakeen eragina aipatzen da, baina baita bertan behera utzi behar izan diren praktiketan edo Gradu Amaierako Lanetan. Esan bezala, asko dira edukiak online jarraitzeko zailtasunak dituztela azaldu dutenak eta horrek ikasturte honetan bertan lortuko duten emaitzetan eragin negatiboa izango duela uste dute.