Lanbide Heziketa Dualak ikasleak eta enpresak batzen jarraitzen du

2019-2020 ikasturteko matrikulazio-datuetatik ondoriozta daitekeenez, Lanbide Heziketak gero eta jarraitzaile gehiago ditu euskal gazteen artean. 

Lanbide Heziketako matrikulazioak, oro har, % 1,85eko igoera izan du aurreko ikasturtearekin alderatuta eta, horrela,  43.140 ikasle dira trebakuntza ibilbide horretan prestatzen. Ikasle horietatik guztietatik, % 55,31 zerbitzuekin harremana duten zikloetan ari da eta beste % 44,69k, berriz, industria-zikloak aukeratu ditu. Industria-zikloetan diren ikasleen kopurua txikiagoa izan arren, aurreko ikasturtearekin alderatuta kopuru hori % 2,53an hazi dela azpimarratu behar da. Zerbitzu-sektorera lotutako zikloetan izan den igoera % 1,31koa izan da.  

Neska gehiago industria-zikloetan 

Ildo berean, industria-zikloetan emakumeen kopuruak bilakaera positiboa izaten jarraitzen du. 

Ikasturte honetan, % 12,3an igo da adar industrialak aukeratu dituzten nesken kopurua: aurreko ikasturtean 1.776 neska ziren aipatu zikloetan trebatzen; aurten, berriz, kopuru hori, 1.994raino igo da. Hazkunde horri esker, ziklo industrialetako ikasle guztien % 11,13 emakumeak dira. Zerbitzuen arloko prestakuntza-zikloetan, berriz, ikasleen % 52,89 emakumeak dira.

Hizkuntz-ereduak

Ikasleek beren trebakuntza ibilbiderako hautatu duten hizkuntz-ereduei dagokienez, matrikulen bilakaerak adierazten du B ereduan % 18,7ko igoera izan dela eta D ereduan, berriz, % 5,17koa. Hala ere, A eredua da ikasle gehien dituen hizkuntza-eredua, nahiz eta azken ikasturtean % 4,53ko jaitsiera izan. 

Euskaraz irakasten diren ereduen hazkundea nabarmenagoa da duela bost ikasturte eredu horiek zituzten kopuruekin alderatzen bada. Horrela, 2015-2016 ikasturtean Lanbide heziketako ikasketak burutzen ari ziren ikasleen % 25,13k B edo D ereduan egiten zuen. Azken ikasturtean, berriz, kopuru hori % 41,21eraino hazi da.

Formakuntza Duala eta laneratzea

Une honetan 2.639 ikasle eredu Dualean burutzen ari dira beren ikasketak; iaz 2.295 ikasle izan ziren. Prestakuntza hori jaso ahal izateko lanbide heziketako ikastetxeak elkarlanean ari dira 1.435 enpresakin (iaz 1.235 enpresa ziren). LH Duala EAEko 104 ikastetxetan eskaintzen da, iaz baino zazpi gehiagotan.

Formakuntza egoki batek eragin zuzena du ikasleriaren prestakuntzan eta, aldi berean, laneratzean. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da LH Dualean trebatu diren gazteek duten laneratze-tasa altua. 2018-19 ikasturteko datuak erreferentziatzat hartuta, ikasleen % 91 prestakuntza duala amaitu eta biharamunean kontratatua izan zen. 

Asebetetze-maila altua

Enpresek, LHko ikastetxeek eta eredu Dualean parte hartu duten ikasleek prestakuntza-mota horri buruzko iritzia jakinarazi diote Eusko Jaurlaritzari, gogobetetze-inkesta baten bidez.

Aipatu inkesta horrek asebetetze-maila handia erakusten du LH Dualean parte hartzen duten hiru kolektibo horien artean. Adibidez, enpresen artean, % 95,5ek adierazi du LH Dualeko ikasle berri bat hartuko lukeela hurrengo deialdian. Enpresek LH Dualari buruz egiten duten balorazio orokorra 8,8 puntukoa da.

Ikasleriak egiten duen balorazio orokorra ere 8 puntutik gorakoa da. Ikasleek esperientzia horren bidez lortu ahal izan dituzten ezagutza eta gaitasun teknikoak 8,4 punturekin baloratu dituzte. 

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE