UNICEFek ohartarazi du milioika haurrek online munduari lotutako kalteak jasateko arrisku handiagoa dutela, batez ere, COVID-19 pandemiaren ondorioz pairatu behar izan den konfinamendua dela eta denbora gehiago ematen dutelako sarean.
Koronabirus-pandemiak aurrekaririk gabeko hazkundea eragin du haurrek pantailaren aurrean ematen duten denboran. “Eskolen itxierak eta euste-neurri zorrotzek esan nahi dute gero eta familia gehiago daudela teknologiaren eta irtenbide digitalen mende, haurrek ikasi, entretenitu eta kanpoko munduarekin lotuta egon daitezen; hala ere, haur guztiek ez dituzte online seguru egoteko behar diren ezagutzak, gaitasunak eta baliabideak”, azaldu du Howard Taylor-ek, Indarkeriari amaiera emateko Munduko Aliantzako zuzendari exekutiboak.
1.500 milioi haur eta gazte baino gehiago daude mundu osoko eskolen itxierarengatik kaltetatuta. Ikasle horietako askok eskolak hartzen dituzte eta gero eta gehiago sozializatzen dute Internet bidez. Plataforma birtualetan denbora gehiago pasatzeak, hein handiago batean, haurrak sexu-esplotaziora eta jazarpenera eragin ditzake, harrapariek pandemiak sortutako egoeraz baliatu nahi baitute. Lagun eta bikoteekin harreman pertsonalik ez izateak arrisku handiagoak ekar ditzake, adibidez, gero eta irudi sexualizatu gehiago bidaltzea. Era berean, gailu digitalak erabiltzeko arau eta mugarik ez izateak erraztu egin dezake haurrek arrisku handiagoa izatea kaltegarriak eta bortitzak izan daitezkeen edukietarako, bai eta ziberjazarpena jasateko ere.
UNICEF, Haurren kontrako Indarkeriari Amaiera emateko Aliantzarekin, Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunarekin, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearekin (UNESCO), Drogen eta Delituen aurkako Nazio Batuen Bulegoarekin (ONUDD), Osasunaren Munduko Erakundearekin (OME), WePROTECT Munduko Aliantzarekin eta USA World Childhood Foundationarekin batera, gobernuei, Informazio eta komunikazio teknologietako enpresei, hezitzaileei eta familiei zuzendutako txosten bat argitaratu du, adi-adi jarrai dezaten, balizko arriskuak arintzeko presazko neurriak har ditzaten eta COVID-19 pandemian haurren online esperientziak seguruak eta positiboak izan daitezen.
Gomendatutako neurriak
COVID-19ak eragindako pandemian haurren online arriskuak arintzeko gomendatutako aurretiazko neurrien artean, hauek dira aipagarrienak:
- Gobernuak: haurrak babesteko oinarrizko zerbitzuak indartzea, pandemia osoan irekita eta aktibo egongo direla bermatzeko; osasun-, hezkuntza- eta gizarte-zerbitzuetako langileak gaitzea COVID-19k haurren ongizatean dituen ondorioei buruz, online arriskuak barne; gorroto-delituak mekanismo eraginkorrekin jazartzea; haurren online segurtasunari buruzko sentsibilizazio- eta hezkuntza-ekimenak indartzea, eta gizarte-zerbitzuen hornitzaileek, eskolek, gurasoek eta haurrek tokiko salaketa-mekanismoak ezagutzen dituztela eta laguntza-telefonoak eskuragarri dituztela ziurtatzea. Bereziki garrantzitsua izango da tutoretzapeko haurrak zaintzea eta laguntzea.
- Informazioaren teknologiaren industria, sare sozialetako plataformak barne: online plataformek segurtasun- eta babes-neurri hobeak izan ditzaten bermatzea, bereziki, ikaskuntza birtualeko tresnak erabiliz, eta hezitzaileek, gurasoek eta haurrek modu errazean eskuratu ditzaten; haurren eskubideekin lerrokatuta dauden babes-politika estandarrak garatzea; Jada indarrean diren babes-neurriak erabiltzea eta berritzea horiek hobetzeko beharrezkoa den kasuetan; konektagarritasun hobea eskaintzea, diru-sarrera gutxiko etxeetan bizi diren familiei eta haurrei eta tutoretzapeko haurrei Interneteko sarbidea bermatzeko.
- Ikastetxeak: babes-politikak eguneratzea etxean ikasten ari diren haurren errealitate berriak islatzeko; Interneten portaera egokiak sustatzea eta zaintzea, eta haurrak eskoletako aholkularitza-zerbitzuetara etengabe sartzeko aukera dutela ziurtatzea.
- Gurasoak: haurrek erabiltzen dituzten gailuek programa informatikoen eta birusen aurkako programen azken eguneratzeak izan ditzatela zaintzea; haurrekin konfiantzazko eta irekitasunezko giroa sustatzea, online ari direnean nola eta norekin komunikatzen diren jakiteko; haurrekin lan egitea, Internet nola, noiz eta non erabil daitekeen jakiteko arauak ezartzeko; erne egotea online jarduerak haurrengan larritasun-zantzurik sortzen duen ikusteko, eta tokiko politikekin, salaketak aurkezteko mekanismoekin eta laguntza-telefonoekin ohituta egotea, behar izanez gero, horiek nola erabili jakiteko.