Zer ikasketa egin aukeratzeko orduan, garrantzitsua da bakoitzak bere kezkak zein diren eta zein diziplinek erakartzen duten gehien ezagutzea, dagoen prestakuntza-eskaintza aztertzea eta lan-merkatua ezagutzea. Gazteei lan-munduari buruzko ezagutza errazte aldera, Bartzelonako Cambra de Comerçak eta Infojobs enplegu-plataformak ‘Les professions més demanedades i amb major pageració a Catalunya’ azterlana jarri dute abian. Datuek Kataluniako eskaintzak aztertzen dituzten arren, Estatuko gainerako erkidegoetako lan-merkatuaren portaeraren adierazle ere izan daitezke.
Txostenaren bidez, gazteek eta haien familiek gehien eskatzen diren profilei buruzko datu objektiboen berri izatea espero da, prestakuntza mailaren eta soldaten arabera. “Helburua ez da gazteak nahi ez dutena ikastera bideratzea, ostera, zalantzak dituztenei erabaki egokiena hartu ahal izateko informazio guztia eman nahi zaie” azaltzen dute egileek. Txostenean jasotako datuak 2018an Infojobs plataforman erregistratutako lan-eskaintzetan oinarritzen dira
Nahiz eta osasun-krisiak ondorio garrantzitsuak izango dituen ekonomian, txostenak planteatzen dituen profil eskatuenen “erradiografia” hori “2 edo 3 urtean egongo da indarrean, ikasketak datorren ikasturtean hasiko dituzten ikasleek amaitu dituztenean edo egiten jarraitzen dutenean”, dio Bartzelonako Cambra de Comerçak.
Txostenak gehien eskatzen diren, soldata handienak dituzten eta lan-irteera onenak dituzten profilak zein diren azaltzen du; hau da, hautagai kopuru txikia erregistratzen duten eskaintzak eta hiru irizpideak aldi berean erregistratzen dituztenak (eskaera, irteera eta soldata handiagoak).
Gehien eskatzen diren esparruak: enpresa eta teknologia
Txostenaren emaitza garrantzitsuenen artean honako hau azpimarra daiteke: lan-merkatuan eskari handiena eta soldata onena duten lanbideak informatikarekin, telekomunikazioekin eta teknologiarekin lotutakoak dira, bai LHko ikasketetan, bai unibertsitate-ikasketetan. Gainera, pandemiaren ondorioz langileen eskaintza eta eskaeran desorekak egongo diren arren, profesional horien eskaerak hazten jarrai lezake.
Zehazki, informatikako eta telekomunikazioetako, teknologiako eta industriako adituentzako lan-eskaintzak, baita arte eta lanbideenak ere (elektronika, mekanika, etab.), Lanbide Heziketako edo unibertsitateko titulazioa eskatzen duten lanpostu hutsen ia % 40 biltzen dute. Halaber, gehien eskatzen diren lanbideen bigarren eta hirugarren taldea enpresen eta finantzen administrazioarekin eta bankuarekin (% 14) eta merkataritzarekin eta salmentekin (% 8) lotutakoak dira. Gainerakoek Infojobs-ek kudeatzen dituen lan-eskaintza guztien % 7ko edo gutxiagoko pisua dute.
Soldatarik handienak dituzten LHko eta unibertsitateko lanbideak
Unibertsitateko maila eskatzen duten lan-eskaintzen kasuan, 5 urteko esperientzia izanik, urtean 50.000 euro gordinetik gorako soldata eskaintzen duten hiru lanbideak informatika eta telekomunikazioak; merkataritza eta salmentak; eta, finantzak eta banka dira.
LHko teknikarientzako lanpostu hutsen kasuan, 5 urteko esperientzia izanik, batez beste 31.000 euroko soldata eskaintzen duten lanbideak informatikako eta telekomunikazioetako, merkataritzako eta salmentetako, marketineko eta komunikazioko, teknologiako eta industriako eta farmaziako teknikarientzat dira.
Esperientzia erabakigarria da soldatan aurrera egiteko, bereziki unibertsitateko graduatuen kasuan. LHko graduatuen lan-eskaintzen batez besteko soldata gordina 23.000 euro ingurukoa da ikasketak amaitu ondoren, baina urtean 31.000 euro gordinera iristen da 5 urteren buruan, hau da, % 33 gehiago.
Aldiz, titulua lortu berri duen unibertsitario baten batez besteko soldata gordina 28.000 euro gordin ingurukoa da urtean, eta 44.541 eurokoa izatera pasatzen da 5 urteko esperientziaren ondoren, hau da, % 60 gehiago.
Gehien eskatzen diren LHko 11 profilak, lan-irteera eta soldata hobeekin
LHko titulazioa duen hautagai bat eskatzen duten aztertutako 109 lanbideetatik, txostenak hiru baldintza betetzen dituztenak aukeratu ditu: urtean 2.000 lanpostu huts baino gehiago izatea; eskaintzarako hautagai gutxi izatea -horrek esan nahi du irtenbide profesional gehiago dituen lanbidea dela-; eta, urtean, 5 urtetik gorako esperientzia izanda, 28.000 euro gordin baino gehiagoko soldata gordina izatea.
Hamaika izan dira hiru irizpide horiek bete dituzten lanbideak eta horietatik sei IKT esparruaren barruan aurkitzen dira: programazioa, sistemak, telekomunikazioak, enpresa-baliabideen planifikazio-sistemak (ERP ingelesezko siglekin), hardware eta segurtasun-sareak.
Gehien eskatzen diren 12 unibertsitate-lanbideak
Azterketa horretan, halaber, enpresek gehien eskatzen dituzten 12 unibertsitate-lanbideak hautatu dira. Irtenbide profesional eta soldata onenak hiru irizpidetan oinarrituta daude: urtean 1.000 lanpostu baino gehiago izatea, profil horretako lan-eskaintzetarako hautagai gutxiago izatea eta soldata 40.000 eurotik gorakoa izatea, 5 urtetik gorako esperientziarekin.