Haur txiro gehiago

Save the Childrenek eta UNICEFek maiatzaren amaieran argitaratutako azterketa baten arabera, koronabirusaren pandemiaren ondorio ekonomikoek, jarduten ez bada,  mundu osoan beste 86 milioi haur gehiago pobrezian izango direla eragingo dute. 

Txostenak agerian uzten duenez, pandemiak eragindako zailtasun ekonomikoetatik familiak babesteko premiazko neurririk hartu ezean, diru-sarrera txiki eta ertaineko herrialdeetan pobreziaren atalasetik behera bizi diren haurren kopuru osoa % 15 hazi liteke, urte honen amaieran 672 milioitara iritsiz. Adingabe horien guztien bi heren inguru Saharaz hegoaldeko Afrikan eta Hegoaldeko Asian bizi dira. Hazkunderik nabarmenena, % 44 ingurukoa, Europako eta Erdialdeko Asiako herrialdeetan eman liteke; Latinoamerikan eta Karibean, berriz, igoera % 22koa izan daitekeela iragartzen dute adituek.

“Koronabirusaren pandemiak mundu osoko familien baliabideak agortzen ari den aurrekaririk gabeko krisi sozioekonomikoa eragin du””, dio Henrietta Fore UNICEFeko zuzendari exekutiboak. “Familiek dituzten zailtasun ekonomikoen irismenak eta sakontasunak hainbat urtez haurren pobrezia murrizteko egin diren ahaleginetan eragin dezakete eta, ondorioz, hainbat haur oinarrizko zerbitzurik gabe gera litezke. Ekintza koordinaturik gabe, aurrera egiteko zailtasunak dituzten familiak pobrezian eror daitezke, eta  familia txiroenek, berriz, hamarkadetan ikusi ez diren urritasun-mailei aurre egin beharko diete”.

Diru-sarreren eta zerbitzu sozialen galera

Save the Childrenek eta UNICEFek ohartarazten dutenez osasun-egoerak eta euste-politikek eragindako munduko krisi ekonomikoaren ondorioak bi alderdi ditu. Alde batetik, diru-sarreren berehalako galera dela eta, familiek ura edo janaria bezalako oinarrizko produktuak lortzeko zailtasun gehiago dituzte, mediku-arreta edo hezkuntza-zerbitzuak izateko zailtasun gehiago izango dituzte eta haur-ezkontza, indarkeria, esplotazioa eta abusua pairatzeko arrisku handiagoa izango dute.

Bestalde, uzkurdura fiskala ematen denean, familia txiroek jasotzen dituzten zerbitzuen irismenak eta kalitateak behera egin ohi du. Familia txiroenentzat, gizarte-zerbitzuetara edo laguntza-neurri publikoetara jotzeko aukerarik ez izateak are gehiago mugatzen du urruntze soziala edo beste euste-neurri batzuk betetzeko gaitasuna, eta, ondorioz, kutsatzeko arriskua areagotzen da.

“Covidek pobrezian dituen ondorio lazgarriek eragin gogorragoa izango dute haurrengan, horiek oso zaurgarriak baitira, baita gosete eta desnutrizio aldi laburretan ere. Ondorio horiek bizitza osoan izan lezakete eragina. Azkar eta irmo jokatuz gero, krisiak herrialde pobreenentzat eta haur zaurgarrientzat dakartzan arriskuak prebenitu eta geldiarazi ahal izango ditugu. Txosten horrek munduaren arretarako deia izan behar luke. Pobrezia ez da ezinbestekoa haurrentzat” baieztatzen du Save the Children Internacionaleko zuzendari orokorrak, Inger Ashingek.

Gizarte-babeserako sarbiderik ez 

Pandemiaren aurretik, munduko haurren bi herenek ez zuten inolako babes sozialik, eta horrek eragotzi egiten die familiei finantza-krisiei aurre egitea eta belaunaldien arteko pobreziaren zirkulua iraunarazten du.  Afrikako adingabeen % 16k bakarrik du babes sozial mailaren bat.

Ehunka milioi haur pobrezia multidimentsionalean bizi dira oraindik ere –hau da, ez dute laguntza medikorik, hezkuntzarik, nutrizio egokirik eta etxebizitza duinik–, eta hori gobernuen gizarte-zerbitzuetako inbertsioen desberdintasunaren isla izan ohi da. Gatazka eta indarkeria egoeran diren herrialdeetan bizi diren haurren kasuan, krisi horrek are gehiago handituko du ezegonkortasun-arriskua eta familiak pobrezian erortzeko arriskua. Ekialde Hurbilean eta Afrikako Iparraldean, gatazkak direla eta behar egoeran bizi diren haur gehien dituzten eskualdeetan, alegia, gazteen artean langabezia-tasa altuenak ematen dira eta ia haurren erdia aipatu pobrezia multidimentsionalaren biktima da.

Covid-19k haurreria pobreenean dituen eraginei aurre egiteko eta horiek arintzeko, Save the Children eta UNICEF erakundeek gizarte-babeseko sistemak eta programak azkar eta eskala handian zabaltzea eskatu dute, hala nola eskudirutan egindako transferentziak, eskoletako jangelak eta ardurapeko seme-alaba bakoitzeko prestazioak. Horiek guztiak berehalako behar ekonomikoei aurre egiteko funtsezko inbertsioak lirateke, eta herrialdeak etorkizuneko krisietarako prestatzeko oinarriak ezarriko lituzkete. 

Era berean, familiak babesteko, gobernuek gizarte-babesaren, politika fiskalen, enpleguaren eta lan-merkatuaren arloan inbertitzeko beharra defendatzen dute. Horrek esan nahi du kalitatezko osasun-laguntzarako sarbide unibertsala zabaldu behar dela, eta familiaren aldeko politiketan inbertitu, hala nola, aitatasun- eta amatasun-baimen ordainduetan.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE