Euskal Autonomia Erkidegoko 57 ikastetxe publiko ikastetxeen profil digitala hobetzea, praktika tekno-pedagogiko egokiak lantzea eta elkarrekin partekatzea helburu duen Aste Digitala egitasmoan parte hartzen ari dira aste honetan. Aipatu proiektua atzo bertan jarri zen abian eta, izenak dioen bezala, astebetez luzatuko da. Lanbide Heziketako ikasleen kasuan, programa abenduaren 18ra arte luzatuko da.Egun horietan guztietan, ikastetxe horiek eskolak aurrez aurre eta online eskainiko dituzte aldi berean, bi modalitateak bateragarri eginez.
Guztira, DBH-4, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ia 21.000 ikasle dira egitasmo berri horretan parte hartzen ari direnak. Horiekin batera, hezkuntza alorreko 3.000 profesionaletik gora (irakasle eta aholkulari) inplikatuko ditu esperientziak.
Aste Digitala digitalizazioan eta pedagogian urrats berriak egiten jarraitzeko esperientzia pilotua da. Aipatu diren helburuez gain, egitasmoak ikastetxeak pedagogikoki eta teknikoki prestatzea ere du helburu, aurrez harturiko esperientziaz baliatuta, balizko bigarren agertoki baterako. Bigarren agertokia, aurrez aurreko eskolak eta online modalitatea bateratzen dituen agertokia da.
Era berean, Ikastetxeen arteko lankidetza eta elkarreragina sustatuko dira, profil digital desberdinetako ikastetxeak (aurreratuak eta erdi mailakoak) elkarrekin lanean co-mentoring sistema baten bidez.
Jarraipena eta ebaluazioa
Hezkuntza Sailak Aste Digitalaren jarraipena eta ebaluazioa egingo du, bai astean zehar eta baita hau amaitu ondoren ere: prozesua erregistratuz edo elkarrizketa, inkesta eta behaketaren bidez. Modu horretan, arlo pedagogikoan, teknikoan edo logistikoan ikasitako irakaspenak jasoko dira: jardunbide egokiak eta hobetzeko alderdiak.
Bestalde, irakasleei, familiei eta ikasleei gogobetetasun-inkesta egingo zaie helburu berberarekin: indarguneak eta hobetu beharreko alderdiak identifikatzea, aurrerago izan daitezkeen esperientzietarako kontuan izateko.