Bideojokoetaz gozatu ahal izateko zenbait segurtasun neurri

Bideojokoetan aritzen diren 4 jokalaritik bat 6 eta 14 urte bitarteko gaztea da (% 26)
Bideojokoetaz gozatu ahal izateko zenbait segurtasun neurri

Asociación Española de Videojuegos (AEVI) elkartearen kalkuluen arabera, 2020. urtean bideojokoetan aritzen ziren erabiltzaileen kopurua milioi bat pertsonatan igo zen, 15,6 milioi jokalari izatera iritsiz. Iturri beraren arabera, Espainian bizi diren 6 eta 64 urte bitarteko biztanleen % 47,5ek bideojokoetara jolasten du. Gainera, bideojokoetan jolasten hasteko adina ere aldatu da eta gero eta goiztiarragoa da. Horrela, lau jokalaritik bat (% 26) 6 eta 14 urte bitartekoa da. 2019. urteko datuekin alderatuta, bideojokoetan aritzen ziren adin tarte horretako gazteak % 19 besterik ez ziren. Jokalarien kopuruak gora egiteaz gain, jokoan ematen den batez besteko denborak ere gora egin du. Horrela, 2019an astero, batez beste, 6,7 ordu jolasten ziren bitartean, 2020an 7,5 ordutaraino igo zen, hau da, % 15,5 gehiago.

Gero eta lehenago

Bideojokoak gero eta adin goiztiarragoetan iristen dira etxeetara eta, horrek, noski, zenbait arrisku ere baditu: pribatutasun-arazoak, ziberjazarpena egiten duten jokalariak, ‘bullyinga’ edo ‘groominga’, zenbait bideojokotan kreditu-txartelean ‘ezkutuan’ egiten diren karguak, bideojokoekiko mendekotasun-arazoak edo jokalariaren adinerako egokiak ez diren edukiekiko esposizioa, besteak beste. Bideojokoak egokiak izan daitezke haurren garapenean, baina horretarako jardunbide egokiak jarraitu behar dira.

Edukiaren inguruko informazioa

PEGI kodeari eta ‘gameplay’ delakoei esker bideojoko baten inguruko informazioa lortzea inoiz baino errazagoa da. 2003. urtean sortu zenetik, PEGI kodea bideojokoak adin-gomendioaren arabera sailkatzeko erabiltzen den estandarra da. Kodea hiru mailatan banatzen da gomendagarria den adinaren baitan: 3 eta 7 urte bitartekoa (berdea), 12 eta 16 urte bitartekoa (horia) eta 18 urtetik gorakoa (gorria).

PEGI etiketek, gomendatutako adinarekin batera, edukiaren deskribapena egiten duten zenbait ikono ere azaltzen dituzte. Ohar nagusiak honako hauek izango lirateke:

  • Hizkuntza lohia (komiki bunbuilo baten bidez irudikatua).
  • Diskriminazioa (giza itxura duten 3 irudien bidez irudikatua)
  • Drogak (xiringa baten bidez irudikatua)
  • Beldurra (armiarma baten bidez irudikatua).
  • Ausazko jokoa (dado batzuen bidez irudikatua).
  • Sexua (genero maskulino eta femeninoaren ikurren bidez irudikatua).
  • Indarkeria (ukabil baten bidez irudikatua).
  • Erosketak jokoaren barruan (kreditu txartel baten bidez irudikatua).

Gameplay-ak, berriz, jokalari batek egindako bideoak edo zuzenekoak dira eta horietan jokoaren edukia azaltzen da. Horrelako bideoetan bideojokoa benetan nolakoa den eta nola jolastu behar den ikus daiteke. Horrelako bideoak ikusteko bi iturri nagusi daude: YouTube eta Twitch.

Bideojokoan dirua ez gastatzeko

GameIndustryk egin duen azterlan baten arabera, mundu osoan, bideojokoek 127.000 milioi dolarreko negozioa eragin zuten 2020. urtean eta, horietatik guztietatik, 98.400 milioi ‘free to play’ delako jokoen bidez eragin zen. Hau da, bideojokoen industriak eragin dituen 100 dolarretik ia 80 doako jokoen bidez egin da.

Hobbyconsolas hedabidearen arabera, mugikorretarako (iOS eta Android) jokoen sailkapenean honako hauek lirateke 10 arrakastatsuenak: ‘Among Us’, ‘Call of Duty Mobile’, ‘PUBG Mobile’, ‘Minecraft’, ‘Clash of Clans’, ‘Free Fire’, ‘Clash Royale’, ‘Genshin Impact’, ‘Brawl Stars’ eta ’Pokémon GO’.

Modu batera edo bestera, joko horietan jokoan azkarrago aurrera egiteko aukera ematen dute elementuren baten erosketaren bidez. Salgai dauden bestelako elementuak dira: elementu kosmetikoak (jantziak…), objektu berriak edo bizitza estrak jolasten jarraitzeko. Ez dago eskaintza mezu horietatik libratzeko, baina bada horiek mugatzeko edo, zuzenean ezeztatzeko aukera. Hemen dituzue jarraitu beharreko urratsak: 

  • Google Play Store-etik: kontrol-panela > Ezarpenak > ‘Erosketak egiteko baimena eskatu’ > ‘Gailu honetan Google Play bidez egiten diren erosketa guztietarako eskatu’ laukitxoa markatu.
  • iOSeko App Store-etik: Ezarpenak > ‘Erabilera denbora’ > ‘Murrizketak’ (sarbiderako kodea sartu) > ‘Erosketak iTunes-en eta App Store-n’ > ezarpen bat aukeratu (aplikazioak instalatu, aplikazioak ezabatu edo erosketak aplikazioen barruan) eta ‘Ez baimendu’ aktibatu. 

Bideo-kontsolen kasuan:

  • Xbox: sakatu ‘Xbox’ botoia eta jarraian, Gida> Profila eta Sistema > Konfigurazioa > Kontua > Ordainketak eta fakturazioa.
  • PlayStation: Ezarpenak > ‘Erabiltzaileak eta kontuak’ > Kontua> Ordainketak eta harpidetzak. Aukeratu harpidetzaren bat berritze-data ikusteko eta aktibatu edo desaktibatu berritze automatikoaren aukera.

Baina fakturan sorpresarik ez izateko modurik eraginkorrena kontu korrontea edo kreditu txartelaren zenbakia bezalako ordainketa moduak ez sartzea da. Erosketak egin nahi direnean egokiena aurreordaindutako txartelak eta erabilera bakarreko kodeak erabiltzea da.

Pribatutasuna ikuskatu

Garrantzitsua da pribatutasun aukerak ikuskatzea. Arrakasta gehien duten jokoak MMORPG delakoak dira, hau da, online jokatzen diren horiek beste hainbat jokalariekin batera.

Horrelako jokoetan, bakarka zein taldeka jolasten bada ere, partidaren barruan diren beste jokalariekin komunikatu behar izaten da. Azken boladan, Discard bezalako mezularitza-programen erabilera nagusitzen ari da, testuaz gain, partidan konektatutako jokalariak ikusi eta entzuteko aukera ematen dutelako. Aukera horrek jokoak are dibertigarriagoak egiten ditu, baina zenbait egoera arriskutsuetarako (ziberjazarpena, grooming, xantaiak…)atea ere zabaltzen dute.

Horregatik, oso garrantzitsua da gailuak eskaintzen dituen pribatutasun-aukera guztiak zuzen konfiguratzea, eta, beste jokalari batzuekin komunikatzeko sistemaren bat gaituz gero, gurasoen kontrola aktibatuta izatea, bideojoko bakoitzean komunikazioak onartu edo ukatzeko.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE