Arabako ikasleak ekintzailetzaren alde

Araba Ekinean Eskola-enpresen feriak herrialdeko sei ikastetxetako ikasleriak garatutako 61 negozio-ideia bildu ditu
Arabako ikasleak ekintzailetzaren alde

Araba Ekinean Eskola-enpresen feriak lurralde historikoan kokatuta dauden sei ikastetxeko ikasleriak garatutako 61 negozio-ideia bildu zituen pasa den otsailean. Feria Ikasenpresa programari amaiera emateko jarduera da. Ekimenean Arabako lanbide heziketako zentro ezberdinetako ikasleek enpresa-proiektuak garatzen dituzte eta, ondoren, jendaurrean azaldu eta testatu egiten dira.

Aurtengo edizioa Araba Ekinean sariketaren XIX. edizioaren barruan garatu da. Aurten, gainera, lehendabizikoz, Santa Barbara Plazako pergolan ospatu da. Pandemiak eragindako murrizketak atzean utzita, feriak bere ohiko formatu presentziala berreskuratu du. Aurreko edizioa modu birtualean ospatu behar izan zen.

Araba Ekinean egitasmoaren xedea da ekintzailetza sustatzea gazteen artean. Horretarako, ikastetxeetan lan egiten da, lehen enpresa-ideiak bertan lantzen hasteko. Feriak ikasturtean zehar egindako lan guztia erakusteko aukera ematen du.

Aurtengo edizioa hiritar guztientzat zabaldu da eta bertan hainbat esparrutako enpresa-ideiak ikusi ahal izan dira: arropa lerroak, produktu kosmetikoak eta edergintzakoak, gune gastronomikoak, digitalizaziora edo mugikortasun jasangarria sustatzera bideratutako zerbitzu-enpresak, baita produktu berritzaileak ere, hala nola etxearen hormetan gora doan garbiketa-robota, hotza edo beroa sor dezakeen botila edo eguzki-energiaz dabilen motxila adimenduna.

Aurreko edizioetako ideia arrakastatsuak

Aurtengo feriarekin Araba Ekinean egitasmoaren barruan garatuko den beste ekintza bati eman zaio hasiera. izan ere, Arabako hainbat herritan udaberrira arte ibili den erakusketa-kubo ibiltari bat prestatu da, Arabako 6 proiektu ekintzaile arrakastatsuren adibideekin. Proiektu horiek Araba Ekinean hainbat ekitalditan izan dira, eta gaur egun oraindik ere aberastasuna sortzen dute lurraldean.

Ikasenpresa

Ikasenpresa hezkuntza-programaren barruan Lanbide Heziketako erdi-mailako eta goi-mailako graduetako ikasleek enpresa bat sortzeko formakuntza jasotzen dute. Ikasturtean zehar parte-hartzaileek hainbat esparrutan lan egin behar dute: logoaren diseinua, marketin-plana, estrategia… Modu horretan, enpresa-mundua ikasgeletara gerturatu nahi da eta, aldi berean, ikasleen ekintzailetza-gaitasunak ere garatu nahi dira. Formakuntzaren metodologia guztiz praktikoa da eta hezkuntza-testuinguru guztiz berritzailea sortzen du. Eskola-enpresen ferian ikasleek ikasturtean zehar egindako lan guztia erakusteko aukera dute eta, gainera, bertaratzen direnen aurrean beren ideien eta proiektuen egokitasuna testatu ahal dute.

Feria aurtengo urtarrilaren 27an aurkeztu zen Araba Ekinean egitasmoaren barruan garatu den lehen jardueretako bat izan da eta horrekin batera ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren XVIII. edizioaren berri ere eman zen.

Aipatu lehiaketa 9 kategoriatan banatuta dago: Ideiak (On4you-ren babesarekin); Jasangarritasuna (Aclimak babestuta); Merkataritza eta Turismoa (Gasteiz ON); Nekazaritzako elikagaiak (Eroski); Industria (Michelin); Zerbitzuak (Prezero); eta, Krisialditik irteteko soluzio eraldatzaile onena (Vital Fundazioa). Horiez gain, hiru sari berezi ere banatuko dira: Publikoaren sari berezia; enpresa arloko eraldaketa sozialaren saria; eta, Metxa sari berezia.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE