Urtero bezala, aurten ere UNICEFek Immunizazoaren Mundu Astea ospatu du txertoek duten garrantzia azpimarratuz. Duela 220 urte sortu zen lehen txertoa eta, urte hauetan guztietan, medikuntzan izan den beste edozein berrikuntzak baino bizitza gehiago salbatu dituzte txertoek.
Immunizazioaren Mundu Astea apirileko azken astean ospatu ohi da. Munduko Osasun Erakundea (MOE) buru duelarik, aldarrikapen horretan munduko hainbat erakundek parte hartzen dute txertoen erabilera sustatzeko. Azken finean, txertoek adin guztietako pertsonak babesten dituzte hainbat gaixotasunen aurrean. Aurtengo edizioaren leloa #LongLifeForAll (bizitza luzea guztiontzat) izan da eta txertoek gure bizitza osoan zehar duten garrantzia aldarrikatu nahi izan da.
Txertoen garrantzia
Unicefek azaldu duenez, ”hainbat hamarkadetan egindako lan gogorrak merezi izan du; izan ere, gaur egun, 25 gaixotasun baino gehiagorentzako txerto seguru eta eraginkorrak daude eskuragarri eta, horiei esker, azken 20 urteetan 1.100 milioi haur baino gehiago immunizatuak izan dira. Horrek, urtero, 2-3 milioi haurren heriotza ekidin du”.
”Munduko haurren % 80 inguruk hil ala biziko txertoak jasotzen ditu. Hala ere, eta lorpen garrantzitsuak erdietsi badira ere, 23 milioi haur inguruk, oraindik ere, ez dituzte beharrezkoak diren txertoak jasotzeko aukerarik eta, ondorioz, ez dute babesik saihestu daitezkeen hainbat gaixotasunen aurrean, hala nola, polioa, elgorria edo errubeola” azaldu du UNICEF Espainiako Programen arduradun Blanca Carazok. ”Haur horiek, gainera, larrialdi testuinguruetan, isolatutako zonaldeetan edo hiri-kokagune informaletan bizi dira eta, ondorioz, osasun mehatxuekiko zaurgarritasun handiagoa dute”.
Kopuru hori murrizteko bide bakarra mundu mailako konpromisoa behar da immunizazio zerbitzuen finantzaketa handitzeko. UNICEF da, 100 herrialdetan baino gehiagotan, txertoen hornitzaile nagusia. Txertaketaren aldeko Munduko Aliantzaren (GAVI) eta bestelako erakundeen bidez, UNICEFek mundu osoko bost urtetik beherako haurren % 45entzako txertoak hornitzen ditu. Horrez gain, erakundeak 130 herrialde baino gehiagoko gobernuekin lan egiten du osasun- eta txertaketa-programak sendotzeko.
”Azken bi urteetan ikasi dugunez, haur batzuk babesik gabe uzten dituen osasun-arretako sistema bat haur guztiak babesik gabe uzten dituen osasun-sistema da” azaldu du UNICEFeko zuzendari exekutibo Catherine Russellek. ”Pandemia honetatik errekuperatzeko –eta etorkizunean izan daitezkeen osasun-larrialdietarako prestatzeko- modurik onena osasun-sistema indartsuagoetan, oinarrizko osasun-zerbitzuetan eta haur guztientzako txertoetan inbertitzea da”.