Auzolandegiak programak eskaintza zabalagoa izango du aurten

Aurtengo ediziorako Gazteria Zuzendaritzak 12 auzolandegi antolatu ditu Euskadin. Horietatik bi 14 eta 17 urte bitarteko adingabeentzat izango dira bakarrik
Auzolandegiak programak eskaintza zabalagoa izango du aurten

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritzaren Auzolandegiak programak jatorri desberdineko gazteek beren borondatez eta eskuzabaltasunez 15 egunetan gizarte-proiekzioko eginkizun batean parte har dezaten sustatzen du.

Aurtengo ediziorako Euskadin 12 auzolandegi antolatu dira. Horietatik bi 14 eta 17 urte bitarteko adingabeentzat izango dira bakarrik. Lehenengoa Gorlizen izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin eta bigarrena, aldiz, Arraia-Maeztun. Beste bi auzolandegik (Muxika eta Murueta) nazioarteko izaera izango dute; bertan, Euskal Herriko gazteek ez ezik, atzerriko gazteek ere parte hartu ahal izango dute.

Beste auzolandegietan Euskadiko eta beste autonomia erkidegoetako gazteek parte hartu ahal izango dute. Euskadin antolatu diren auzolandegietan ez ezik EAEko gazteek Estatuko beste eskualdeetan eta atzerrian antolatu diren zenbait auzolandegietan izena emateko aukera izango dute. Auzolandegi bakoitzeko arauen arabera, 18 eta 30 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute auzolandegi horietan.

Berrikuntzak

Aurtengo edizioan berrikuntza garrantzitsu bat izango da programan. Izan ere, lehenengo aldiz, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen esparruan auzolandegi bat antolatuko da. Aipatu hiru eskualdeetako 25 gaztek Lekerozen izango den auzolandegi batean parte hartu ahal izango dute abuztuaren hasieran.

Euskadin izango diren auzolandegietan, guztira, 295 plaza eskainiko dira. Auzolandegiak honako udalerri hauetan izango dira: Arraia-Maeztu (San Ildefonso asfalto-fabrika industria-ondarea berreskuratu), Laudio (indusketa arkeologikoa Gardeako baselizan), Sopuerta, Gorliz, Lekeitio (Uribarren Abaroa egoitzaren dinamizazioa), Murueta (La Dinamita zamalekuaren ingurunea berreskuratu), Bilbo (Otxarkoagako adinekoei zuzendutako aisia, astialdi eta sozializazioko jarduera-programa), Muxika (Ibarruriko Maume auzoaren balio soziala eta historikoa berreskuratu), Alonsotegi (Urreiturri atsedenlekua zaharberritu eta hobetuko da), Erandio (ondare historiko eta naturalaren berreskuratzea), Lemoa (Lemoatx mendiko tontorrean dauden lubakien eremua berreskuratu) eta Bergara (belaunaldien arteko elkartrukea Mizpirualde egoitzan). 

Horietako bakoitzean gai espezifiko bat jorratuko da: arkeologia eta industria-ondarearen berreskuratzea, ondare historikoaren berreskuratzea eta ingurumena, adinekoen gizarte-dinamizazioa, memoria historikoa… Normalean, goizetan auzolandegiko lan tematikoak egingo dira, eta arratsaldeetan eta asteburuetan, berriz, jarduera osagarriak. Animazio-taldeak parte-hartzaile guztien eta auzolandegia hartzen duen komunitatearen arteko lotura ahalbidetuko duten jarduerak proposatuko ditu.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE