Laboral Kutxak eta Mundukidek 23 eta 30 urte bitarteko hamar gazte aukeratuko dituzte, 3 astez, Ekuadorreko bi errealitateak (andetarra eta amazoniarra) ezagutu ditzaten erauzketa-jardueren mehatxuen aurrean beren lurraldea eta bizibideak defendatzeko alternatibak bilatzen dituzten biztanleen ikuspegitik.
Izena ematen duten horien artean 200 hautagaitza zozkatuko dira. Lehen hautaketa batean 30 hautagai aukeratuko dira eta, elkarrizketak burutu ostean, hortik aterako dira Ekuadorrera bidaiatuko duten 10 gazteak. Bidaia irailean egingo da.
Bertan bertako bi erakunderen laguntza izango dute, Alejandro Labaka Fundazioa Amazonian eta Corporación Toisán Imbabura probintzian den Intag haranan.
Une honetan, Mundukidek Ekuadorren 20 urteko esperientzia duen kooperante bat du bertan eta berari esker esperientziaren kalitatea bermatuko da.
Waoraniak
Amazonian, Waorani herriaren errealitatea ezagutzeko bertako hainbat komunitate bisitatuko dituzte. Komunitate horiek, turismoaren bidez eta beren kultura eta bizimodua partekatuz, amalurra defendatzeko eta kontserbatzeko alternatiba bat bilatzen duten bizi-proposamena ezagutuko dute, batez ere egur- eta petrolio-jarduerek sortutako mehatxuetatik ihes egiteko. Waoraniak Ekuadorren dauden 18 herri indigenetako bat da eta duela 65 urte arte ez zuen inolako harremanik izan mendebaldeko zibilizazioarekin.
Intag harana
Gazteek Intag harana bisitatzeko aukera ere izango dute. Ekuadorreko aberastasun biologikoko gune garrantzitsuenetako bat da haran hori bertan lehentasunezko bi eko-eskualdek bat egiten baitute: Tumbes-Chocó-Magdalena eta Ande Tropikalak.
Bertako biztanleak duela 150-200 urte inguru finkatu ziren bailaran. Haran oso emankorra eta bioanitza da, baina gainera kobre- eta urre-erreserba garrantzitsuak ditu. Horregatik, 1990. urteaz geroztik interes handiko gunea da meatzaritza-enpresentzat.
Euskal Herrira bueltatzerakoan, gazteek Ekuadorren bizitako esperientziaren berri emango dute.