Eusko Jaurlaritzak 200 milioi baino gehiago inbertituko ditu datozen hiru urteetan Euskal Hezkuntza Sistema digitalizatzeko. Horrela, datorren ikasturterako jada, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Batxilergoko bigarren mailara arteko ikasle guztiek ordenagailu eramangarria izatea aurreikusten da. Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 4. mailara bitarteko irakasle guztiek ere ordenagailu propioa izatea aurreikusten da.
Eusko Jaurlaritzak ‘2022-2024 aldirako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana’ aurkeztu berri du. Aipatu planaren xede nagusia da ikasleriaren zein irakasleriaren gaitasun digitalak sustatzea.
Hezkuntza Sailburu Jokin Bildarratzek berak aurkeztu duen plan berria berrikuntza pedagogikorako palanka egingo duen esparru berri bat sustatzeko asmoarekin sortu da. Modu horretan, trebetasun digitalen garapena indartu nahi da, hezkuntza-sisteman teknologiak eraginkortasunez erabiliz.
Plan berriak ikasleria ikaskuntza prozesuaren erdigunean kokatu nahi du aro digitalean ikasleek beren gaitasun guztiak gara ditzaten. Hezkuntza Sailetik azaldu denez, plana ezinbesteko urratsa da euskal ikasleek mende honetako erronkei arrakastaz aurre egin diezaieten.
Plan berriaren lehentasuna da hezkuntza sistema guztiak, etapa guztietan, aro digitalera egokitzea. Era berean, teknologia digitalen erabilera arduratsua ere sustatu nahi da, arrakala digitalak saihesteko eta 2030 Agendan jasotzen den garapen jasangarriarekin bat egiteko.
Hori guztia lortzeko hiru dimentsio jorratzea aurreikusten da: pertsonez arduratzen den dimentsioa, profesionalen eta ikasleen trebakuntza indartzeko; dimentsio teknologikoa, ikastetxeak azpiegituraz eta tresnaz hornitzeko; eta, sistema osoa barnean hartzen duen dimentsioa, euskal hezkuntza-sisteman eraldaketa digitalaren plangintza bultzatzeko, haur-hezkuntzatik unibertsitateraino.
Haur-hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoa
Haur-hezkuntzari, Lehen Hezkuntzari, DBHri eta Batxilergoari dagozkien etapetan teknologia digitalak sartuko dira ikastetxeetako irakaskuntza, ikaskuntza eta ebaluazio-prozesuetan.
Modu horretan, irakasleen gaitasun tekno-pedagogikoak landuko dira eta ikasleria digitalki gaitua izatea bilatuko da. Era berean, hezkuntza-komunitateentzako lidergo digitala ere landuko da eta erronka digitalekin lerrokatutako azpiegituren aldeko apustua egingo da. Ildo beratik, Eraldaketa Digitaleko esperientzia aurreratuak hartuko dira gaitasun handiko zentroetan.
Aurrera eramango diren ekintzen artean, planak honako hauek aurreikusten ditu: digitalizazio-talde baten eraketa erronkei erantzuteko; ikastetxe guztietan estrategia digitala bultzatzea; irakasleen gaitasunetara egokitutako prestakuntza-ibilbideak diseinatu eta ezarri; ikastetxeetan aholkulari digitalen sarea aktibatu aholkularitza tekno-pedagogikoaren funtzioa betetzeko; material pedagogiko digitalak sortu; Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrera gailuak jarri ikasle guztien esku; Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 4. mailara bitarteko irakasleen esku gauluak jarri; eta, ikasgela eta espazio digitalizatuak diseinatu.
Lanbide Heziketa
Lanbide Heziketa ere Eusko Jaurlaritzak garatu duen planaren barruan sartzen da. Eraldaketa digitalak bilakaera berri bat ekarriko du Lanbide Heziketara, eraldaketa disruptiboan oinarriturikoa; prestakuntza aurreratuko eredu berri bat, ikastetxeetako antolaketa eta egitura desberdinekin, espazio berriekin eta ingurune digitaletan aplikatutako sistema adimendunekin.
Kasu honetan, honako ekintzak zehaztu dira: Heldutasun digitaleko eredu bat garatu, azpiegitura berriei, teknologia digitalen erabilera aurreratuan gaitasun berriei eta errendimendu handiko ikaskuntzen garapenari estaldura emateko; ikasleriaren eta irakasleriaren formakuntza digitala; azpiegitura digitalen eraldaketa (azken belaunaldiko ekipoak, 5G, Wifi 6…); teknologia digital aurreratuen ezarpena (murgiltze teknologia digitalak eta interaktiboak); eta, eraldaketa digitalean ikasteko espazio berriak.