Eusko Jaurlaritzako Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko DBHko ziklo osoko ikasleen artean 80.000 eskola-agenda banatuko ditu. Aipatu agenda horien xedea da ikasleak berdintasunaren eta errespetuan oinarritutako harremanen alde sentsibilizatzea, autonomia eta aukeraketa-askatasunaren alde eginez eta rol eta estereotipo sexistak alde batera utziz.
Eskola-agenda berriak berdintasunarekin eta errespetuarekin harremana duten egunerokotasuneko egoerak biltzen ditu. Besteak beste, honako mezu hauek zabaldu nahi dira ikasleen artean: bizitza proiektuak aukeratzeko askatasuna, ‘nesken gauzak’ eta ‘mutilen gauzak’ daudela zehazten duten estereotipoekin amaitzeko beharra, pertsonen zaintzaren eta zaintza-lan horiek partekatzeko beharraren garrantzia, etxeko-lanak partekatzearen garrantzia, dibertsitatearen errespetua (sexua, arraza, itxura fisikoa…), pertsonen autonomia sustatzea, gorputz perfektoen tiraniaren salaketa, autoestimua sustatzearen eta sentimenduak espresatzearen garrantzia, neskak eta mutilak lagun izatearen garrantzia eta emakumeek duten balioa aintzat hartzea.
Aldi berean, agendak pasa den ekainaren 15ean aurkeztu zen Berdintasunaren eta Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri-Itunaren hamar puntuak jasotzen ditu. Ekintza hau bat dator Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planean jasotako balio aldaketa lantzeko ardatzarekin. Bertan jasotzen da ikastetxeak sentsibilizaziorako gune garrantzitsuak direla, neskak eta gazteak berdintasunaren aldekoak izateko giltzarri baitira.