Euskadik du Estatuko eskola-uzte goiztiar kopururik baxuena

2021. urtean kopururik baxuena erregistratu ondoren, 2022an gorakada txiki bat izan da.
Euskadik du Estatuko eskola-uzte goiztiar kopururik baxuena

Joan den urtarrilaren 24an, ‘Pertsonengan inbertitu, hezkuntza lehenetsi’ lelopean, Hezkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatu zen. Hezkuntzarako eskubidea Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 26. artikuluan jasotzen da eta Garapen Jasangarrirako Helburuetako bat ere bada, laugarrena, hain zuzen ere.

Egun horren ildora, Gazteen Euskal Behatokiak eskola-uzte goiztiarraren inguruko datuak argitaratu ditu. Une honetan, Biztanleria aktiboaren inkestaren arabera, EAEko eskola-uzte goiztiarraren tasa % 5,6koa da. Iazkoa aurreko urtekoa baino zertxobait altuagoa da, 2021. urtean, Euskadin azken urteetan erregistratu den eskola-uzte tasarik baxuena erregistratu baitzen (% 4,8). Eskola-uzte goiztiarraren tasak, gehienez ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) gainditu eta ikasketa edo prestakuntza gehiago jaso ez duten 18 eta 24 urte bitarteko gazteen ehunekoa jasotzen du.

Europar Batasuneko estatu kideetako datuekin alderatuta, Euskadi Europako batez bestekoaren (% 9,7) azpitik dagoela azpimarratu behar da. Estatuko batez bestekoa, berriz, askoz altuagoa da (% 13,9).

Estatuko tasarik baxuena

Azken hamahiru urtean izan den lehen gorakada erregistratu arren (+% 0,8) Euskadi da, alde nabarmenarekin, eskola-uzte tasarik baxuena duen autonomia erkidegoa. Espainiako Hezkuntza Ministerioaren arabera, atzerapauso hori pandemiaren amaierarekin batera izan den susperraldi ekonomikoaren ondorioa da. Izan ere, egoerak hobera egitearekin batera, hainbat gaztek bere formakuntza utzi eta lan merkatuan sartzea erabaki omen dute.

Europar Batasuneko estatu kideetako datuekin alderatuta, Euskadi Europako batez bestekoaren (% 9,7) azpitik dagoela azpimarratu behar da. Estatuko batez bestekoa, berriz, askoz altuagoa da (% 13,9).

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, berriz, ez du hain garbi atzerapauso horren arrazoia. Hala ere, Jokin Bildarratzek zuzentzen duen sailak lasaitasunez hartu ditu azken datuak, “etengabe jaisten jarraitzea ia ezinezkoa” baita.

Estatuan, esan bezala, eskola-uzte goiztiarraren tasa % 13,9koa da, EAEkoaren bikoitza baino gehiago. 2012. urteaz geroztik, Estatuko tasa ia 11 puntutan jaitsi da. Zenbait adituren ustez, bilakaera positibo hori segidan izan diren krisi ekonomikoen ondorioa da; 2008ko krisi ekonomikoa lehenengo, eta koronabirusaren krisia ondoren. Horrela, analisi horien arabera, Estatuko gazteek nahiago dute ikasten jarraitzea lana aurkitzeko itxaropen txikia dutelako. 

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE