Europa munduko eskualderik aberatsenetako bat da, baina, hala ere, gero eta gehiago dira pobrezian edo gizarte-bazterketa egoeran bizi diren haurrak eta familiak. Bizitzaren kostua, krisi klimatikoa eta Covid-19aren pandemia dira horretarako arrazoi nagusiak.
Azken datuen arabera, (2021ekoak) 19,6 milioi haur baino gehiago bizi dira pobrezian edo gizarte-bazterketa egoeran Europar Batasuneko herrialdeetan. Aurreko urtearekin alderatuta, 200.000 haur gehiago dira. Save the Childrenek ohartarazi duenez, lau adingabetik bat horrelako egoeran aurkitzen da.
Garantizar el futuro de la infancia: Cómo afectan la Covid-19, la crisis del coste de la vida y la crisis climática a los niños en situación de pobreza y qué deben hacer los gobiernos en Europa txostenak 2020 eta 2021 artean Europar Batasuneko 14 herrialdetan erregistratu diren haur-pobrezia tasak alderatu ditu.
Txostenean AROPE izeneko adierazlea erabili da. Adierazle hori Europako pobreziari eta gizarte-bazterkeriari buruzko Europar Batasunaren 2030erako helbururako garapena neurtzeko erabiltzen den tresna nagusia da. Espainia eta Errumania dira tasarik altuenak dituzten estatuak, pobreziarako edo gizarte-bazterketarako arriskuan bizi diren haurren % 33,4 eta % 41,5arekin, hurrenez hurren.
Egoerak okerrera egin du
Ukrainako gerrak bizitzaren kostuan izan duen inpaktua zama jasanezina izan da milioka familiarentzat, bereziki, jada pandemian larri bizi izan ziren diru-sarrera ertaineko eta baxuko familientzat. Esnea, laboreak edo olioa bezalako oinarrizko elikagaien prezioak nabarmen egin du gora, eta horrek hainbat familia otorduren bat egin gabe uztera edo elikagaiak mugatzera behartu ditu. Aipatu txostenaren arabera, jatorri migratzaileko haurrak, errefuxiatuak, asilo-eskatzaileak, administrazio-egoera irregularrean daudenak eta inoren kargura ez daudenak dira kaltetuenak.
Txostenak agerian uzten duenez, guraso bakarreko familiatan edo familia ugari pobreetan bizi diren haurrek, desgaitasunen bat duten haurrek eta gutxiengo etniko baten kide diren haurrek ere arrisku hori dute.