Lanbide Heziketak konpondu gabe duen arazoetako bat da oraindik ere industria- eta teknologia-arloetan emakume nahikorik ez izatea. ZTIAM zikloetan emakumeen presentzia % 24 ingurukoa da, baina kopuru hori erdira jaisten da industria-sektorean.
Desparekotasun horrekin amaitzeko, NeskUp! izeneko programa jarri da martxan. Ekimen horren xedea da emakumeen artean bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzea, eta, aldi berean, genero-arrakala desagerraraztea eta Lanbide Heziketako ziklo maskulinizatuenekin lotutako estereotipoen inguruan sentsibilizatzea.
Lanbide Heziketako 26 lanbide-arloetatik 11 ZTIAM lanbideekin lotuta daude.
Abian jarri den programa #ZTIAM Euskadi estrategiaren markoan garatzen ari da eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatu du Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren bidez. Bertan parte hartzen ari dira, besteak beste, IKASLAN sareko (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) eta HETEL sareko ikastetxeak.
Ekimen hau ZTIM bokazioak sustatzeko erreferentziazko proiektu bihurtzeko asmoarekin sortu da. Emakumeen presentzia eta gizonena ez da parekoa ZTIAM zikloetan. Oro har, andrazkoena % 24 ingurukoa da, are txikiagoa Kimika edo Elikadura-industriak alorretan, besteak beste, eta industria-alorretan % 12ra murrizten da. 2027rako ezarritako helburuaren arabera, emakumeen presentzia industria-sektorean % 20ra bitarte handituko da.
Emakumeen presentzia eta gizonena ez da parekoa ZTIAM zikloetan. Oro har, andrazkoena % 24 ingurukoa da, are txikiagoa Kimika edo Elikadura-industriak alorretan, besteak beste, eta industria-alorretan % 12ra murrizten da.
Ekintza horiek ikusgaitasun handiagoa izan dezaten, eta beste zentro batzuetarako eta, oro har, gizarterako inspirazio-iturri izan daitezen, www.neskup.eus ataria sortu da.
Programaren helburuak lortzeko, ikasturtero ikastetxeek hiru ekintza gauzatuko dituzte. Ekintza horiek guztiak programaren webgunean bilduko dira. Plataforma horren xedea da neska gazteak ahalduntzea eta ZTIM genero-arrakala delakoari amaiera ematea. Webgune berriak ahotsa emango die, beren lan-ibilbidea garatuko duten esparru profesionala hautatuz, berdintasunaren alde borrokan hasi diren emakume gazteei.
2027rako ezarritako helburuaren arabera, emakumeen presentzia industria-sektorean % 20ra bitarte handituko da.
Gainera, aurten bertan, Tik Tok sare sozialaren bidez, #NeskUP!2023 lehiaketa ere antolatu da. Bertan, parte-hartzaileek hausnarketara gonbidatzeko eta ZTIAM lanbideak ikusarazten laguntzeko bideo bat aurkeztu beharko dute. Parte-hartzea banakakoa edo taldekakoa izan daiteke, baina, betiere, ikastetxeen bidez.
Inskripzioa web orriko inprimakiaren bidez eginen da. Kategoria bakoitzeko irabazleen izenak eta sariak emateko eguna eta tokia web orrian argitaratuko dira maiatzaren 8tik aurrera.