Pasa den ikasturtearen amaieran EAEko 34 ikastetxek ahozko komunikazioa eta euskararekiko atxikimendua lantzea helburu duen Berba-lapiko metodologia ezarri zuten. Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 4. mailara arteko taldeetan, gela barruan eta modu sistematizatuan aplikatu da metodologia, 8 astez, apirila eta ekaina bitartean. Horretarako, aldez aurretik, irakasleek berariazko prestakuntza jaso zuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Hizkuntza Normalizaziorako aholkulariengandik. Esperientzia horretan bizitakoak txosten batean jaso dira eta bertan diren ekarpenekin hasi berria den ikasturtean erabiliko den metodologian eta materialetan egokitzapenak egingo dira.
Euskara ardatz
Berba-lapiko ikerketa-proiektua, nagusiki testuinguru soziolinguistiko erdaldunetako ikasleei bideratuta dago eta hezkuntzaren esparruan euskararen erabileran eta konpetentzian sakontzeko proposamena da. 2017-18 ikasturtean, Soziolinguistika Klusterrak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen (HUHEZI) zuzendaritzarekin, bi ikastetxetako Lehen Hezkuntzako etapan abiatu zuen proiektua. Geroztik, euskararen ahozko konpetentzia praktikoa eta eraginkorra lortzeko, irakasleen formakuntza lantzen eta, ikerketaren bidez, metodologia berritzen jardun du.
Pasa den ikasturtean bildutako ekarpenak hasi berria den ikasturtean erabiliko dira metodologian eta materialetan egokitzapenak egiteko.
Bi ikastetxetan garatutako metodologia EAEko 17 ikastetxetan aplikatu zen 2021/2022 ikasturtean eta pasa den ikasturtean beste 34 batu zaizkie. Multzo handi horretan gauzatu den Berba-lapiko ildo orokorraz gain, ikastetxeetako batzuek Berba-lapiko 2.0 ildoa osatu dute, proiektua inplementatu ondorengo inpaktua eta aldaketak neurtzeko, bai irakasleengan, bai ikasleengan. Horiez gain, hiru ikastetxetan Berba-lapiko 3.0 ildoa abiatu da, begirada longitudinala txertatzeko; ikasleen urtez urteko garapen aztarnak aztertzearekin batera, lau urtez metodologia inplementatu ondoren, ikasleen ahozko gaitasunean duen eragina neurtzeko.