Euskal sistema hezkuntza-politiken diseinuan erreferente gisa sendotu da Europako Lanbide Heziketaren barruan. Izan ere, Euskadin Lanbide Heziketa ez da soilik bere enplegagarritasun altuagatik nabarmentzen. Bere ezaugarri nagusien artean ekintzailetza eta berrikuntza aplikatuaren sustapena ere nabarmentzen dira.
Euskal Lanbide Heziketaren lorpen garrantzitsuenetako bat bere enplegagarritasun-tasa altua da, % 89 ingurukoa. Zenbait ziklotan aipatu tasa % 100era ere iristen da.
Ekintzailetzaren esparruan, Lanbide Heziketak ekintzailetzaren kultura sustatzen du ikasleen artean. Azken ikasturtean, adibidez, espiritu ekintzailea 20.343 ikasleri irakatsi zaie, eta, horren ondorioz, 70 enpresa sortu dira, LHko ikastetxeetatik zuzenean bultzatuak, ikasleen parte-hartze aktiboarekin. Azken 15 urteetan, 1.193 enpresa sortu dira eta, horietatik guztietatik, 893k aktibo jarraitzen dute.
Euskal LHren beste ezaugarri garrantzitsu bat berrikuntza aplikatuarena da, bai prozesuetan, bai produktuetan. 400 enpresa baino gehiagorekin lankidetzan arituz, batez ere enpresa txiki eta ertainekin (ETE) eta mikroenpresekin, azken 5 urteotan berrikuntza aplikatuko 1,100 proiektu baino gehiago garatu dira. Horri esker, tokiko enpresen lehiakortasuna sustatzeaz gain, ikasleei esperientzia praktiko bikaina eskaintzen zaie.
Gero eta globalizatuagoa dagoen mundu batean, euskal Lanbide Heziketak 81 herrialderekin ezarri ditu harremanak eta nazioarteko 12 saretan aritzen da elkarlanean.