Urruzuno literatura lehiaketa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 1986tik antolatua, hogeita hamazortzigarren ediziora iritsi da aurten. Hasieran bezala, Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean literaturarekiko zaletasuna sustatzea da lehiaketaren helburua.
Aurtengo edizioa irabazi duten gazteek, bere sariaren parte bezala, bost eguneko literatura-egonaldi bat egin ahal izan dute Arantzako aterpetxean (Nafarroa). Abuztuaren 28tik irailaren 1era arte, literatura-sormena lantzeko tailerretan eta beste hainbat jardueratan parte hartu dute gazteok, eta, gainera, elkarrekin egun ahaztezin batzuk partekatu ahal izan dituzte, berriro ikasturteari heldu aurretik.
Sari banaketa berezia
Edizio berri honetako sari-banaketa ekitaldia Eusko Jaurlaritzaren egoitzan egin da, eta modu sortzailean igaro da, gaueko irratsaio bat balitz bezala garatu baita.
Abuztuaren 28tik irailaren 1era arte, literatura-sormena lantzeko tailerretan eta beste hainbat jardueratan parte hartu dute idazle gazteok.
Patxi Zubizarreta idazleak irratsaio berezi honetako gidari eta esatari lanak egin ditu eta Joserra Senperenaren melodiak pianoan eta Geraldine abeslariaren ahotsa izan ditu lagun. Idazle gazteek ere parte hartze aktiboa izan dute ekitaldian, beren lanen pasarteak irakurriz.
Literatura egonaldia
Hezkuntza Sailak urtero antolatzen du Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako Urruzuno literatura lehiaketa. Lehiaketa bi kategoriatan banatzen da: A kategoria, Batxilergoko eta LHko erdi-mailako zikloetako ikasleentzat; eta B kategoria, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleentzat. Lehiaketako irabazle gazteek ekitaldiz betetako bost egun eman dituzte Arantzako aterpetxean, Yolanda Arrieta, Itxaro Borda, Mikel Ayllon, Harkaitz Cano, Tapia eta Leturia bikotea, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Joseba Sarrionandia bezalako euskal kulturaren panoramako sinadura garrantzitsuekin batera.
Urruzuno sariek euskarazko idazketaren zaletasuna sustatu nahi dute ikasleen artean.
2023ko Urruzuno Literatura Lehiaketan 297 lan aurkeztu dira orotara, 47 lan poesian eta 250 prosan. Ohi den eran, euskal literatura eta kultura arloan aditu eta aritu diren izenek osatu dute aurten ere lehiaketako epaimahaia: Mikel Ayllon, Itxaro Borda, Miren Gorrotxategi, Iratxe Retolaza eta Patxi Zubizarreta idazleak izan dira epaimahaikide.
Hezkuntza Sailak liburu bat argitaratu du edizio berri honetan saritutako lan guztiekin, Sagastiberri bildumaren barruan. Argitalpena laster bidaliko zaie ikastetxe guztiei, baita ikasle parte-hartzaile guztiei ere.
Urruzuno, ia lau hamarkadako ibilbidea
Hezkuntza Sailak 1986an banatu zituen lehen aldiz Urruzuno literatura sariak, ikasleen artean euskarazko idazmena sustatzeko asmoz. Horrela, lehen urteetako espiritu eta helburu berarekin iritsi da lehiaketa hogeita hamazortzigarren ediziora. Prosan edo poesian, belaunaldi gazteenen sormen lana zabaltzea du helburu.
Irabazle horietako asko euskal kultur munduan sinadura ezagunak dira gaur egun, bai literaturan, kazetaritzan, bertsolaritzan edo zinemarako gidoigintzan, beste zenbait arloren artean. Dagoeneko 600 lagun pasa dira ekimen honek saritu dituen “urruzunotarrak”, eta zerrenda horretan izenak ugarituz doaz, urtez urte.