Abian da ikasturte berria

Guztira, 361.553 ikaslek izena eman dute unibertsitatez kanpoko hezkuntza-etapetan.
Abian da ikasturte berria

Hasi da 2023-2024 ikasturte berria Euskadin.  Guztira 361.553 ikaslek eman dute izena unibertsitatez kanpoko hezkuntza-etapetan, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergo eta Lanbide Heziketaraino. Aurreko ikasturtearekin alderatuta matrikulazioak % 0,02ko jaitsiera arina izan du.

Ikasturte hasiera honetako alderdi nabarmenetako bat jaiotza-tasaren etengabeko murrizketaren ondorioz Haur Hezkuntzako etapako ikasle-kopuruan ematen ari den etengabeko jaitsiera da. Hala ere, 0-2 urteko haurrak hartzen dituen Haur Hezkuntzako lehen zikloan hazkunde esanguratsua izan da (% 2,42). Badirudi igoera hori duela gutxi Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzuan doakotasuna ezartzearekin lotuta egon daitekeela. Izan ere, eta aurreko ikasturtearekin alderatuta, 3-5 urte bitarteko Haur Hezkuntzako zikloan jaitsiera % 3,92koa izan da.

Lehen Hezkuntzan, berriz, hasi berria den ikasturtean matrikulatutako ikasleen kopurua % 2,42an jaitsi da.

Ez da gauza bera gertatu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan. Bi kasu horietan ikasleen kopuruak gora egin du. DBHren kasuan igoera % 1,89koa izan da eta Batxilergoan, berriz, % 0,95ekoa, betiere aurreko ikasturteko datuekin alderatuta.

Lehen Hezkuntzako ikasleen matrikulazioak % 2,42 egin du behera ikasturte honetan.

Hasi berria den ikasturte honek duen berritasun nagusietako bat Haur Hezkuntzan aurkituko dugu. Izan ere, ikastetxe publiko guztietan Ingelesa ikasgaia irakasten hasiko dira 3 urtetik aurrera. Gainera, etapa horretan eta Lehen Hezkuntzan ratioek behera egin dute. Zehazki, Haur Hezkuntzako 3 eta 4 urteko haurren ikasgeletan ratioa 23 ikasletik 20ra jaitsiko da. Lehen Hezkuntzako 1., 3. eta 5. mailan, berriz, ratioa 25etik 23ra jaitsiko da. Gainera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan tutoretza bikoitza ezarriko da 20 ikasle baino gehiago dituzten taldeetan.

Hizkuntza-ereduak eta sarea

Hezkuntza-sarearei dagokionez, euskal familiek aurreko ikasturtean izan zen joerari eutsi diote, nahiz eta sare publikoaren aldeko apustua arinki igo den. Horrela, familien % 51,5ek aipatu sarea aukeratu du eta % 48,5ek, berriz, sare itundu-pribatua aukeratu du.

Hizkuntza-ereduen kasuan, berriz, azken urteetan ikusitako joera mantentzen da eta, hortaz, D ereduak hezkuntza-etapa guztietan gehien eskatzen den eredua izaten jarraitzen du. 3 eta 5 urte bitarteko haurrak hartzen dituen Haur Hezkuntzako mailan familien % 83,1ek aukeratu du aipatu eredua, hots, aurreko ikasturtean baino % 0,7k gehiago. Maila horretan familien % 14,7k B eredua aukeratu du eta A eredua hautatu duten familien kopurua % 2,2 baino ez da.

Lanbide Heziketan, azken ikasturteetan gertatu ohi den bezala, matrikulazioak gora egin du.

Lanbide Heziketaren (LH) kasuan azpimarratzekoa da azken ikasturteetan izan den joera berean mantendu dela eta, aurten ere, matrikulazioak gora egin duela. Zehazki, lehen mailako ikasleen artean, hau da, LHn sartzen diren horien artean, iazkoarekin alderatuta, % 9,1eko igoera erregistratu da matrikulazio-aldi arrunta amaitu ondoren. Datu horrek Lanbide Heziketaren eskaintza osoa hartzen du, heziketa-zikloak, espezializazio-ikastaroak, eskaintza partziala eta urrutiko Lanbide Heziketa barne. 

Azpimarratu beharra dago Lanbide Heziketarako ezohiko matrikulazio epea urriaren erdialdera arte zabalik izango dela eta, ondorioz, hezkuntza-arlo horretako matrikulazio-kopurua are gehiago handitzea ekar lezake.

Irakasle gehiago

2023-2024 ikasturte honetan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek aurreko ikasturtean baino 374 profesional gehiago izango dituzte; Bigarren Hezkuntzan (DBH + Batxilergoa), berriz, 227 profesional gehiago izango dira. Ondorioz, guztira, 601 irakasle gehiago izango dira lanaldi osoan hasi berria den ikasturte honetan.

Igoera hori, nagusiki, berrikuntzako arduradun, Hezkuntza bereziko irakasle (pedagogia terapeutikoko 53 irakasle gehiago), aholkulari eta orientatzaile eta ingeles hizkuntzako irakasle (Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan) gehiago izango direlako, eta DBHn eta Batxilergoan talde gehiago izango direlako eman da.

Gainera, aipatu 601 irakasle horiei hezkuntza-laguntzako 87 espezialista gehiago gehitu behar zaizkie.

Ikaslab proiektua

2023-24 ikasturtean eraldaketa pedagogikorako gune berrien Ikaslab proiektua jarriko da martxan. Hasieran 26 Ikaslab ikasgela izango dira beste hainbat ikastetxetan.

Esperimentazioa eta ikaskuntza berritzailea sustatzeko diseinatuta dauden ikasgela horiek ingurune gardena eta malgua dute, eta altzari moldakorrak eta azken belaunaldiko gailu digitalak dituzte. Ikaslab-en helburu nagusia da ikaskuntza esanguratsuago bat sustatzea, ohizko hezkuntza formal eta ez-formalaren arteko mugak gaindituz. Gela horietan arituko diren irakasleek berariazko formakuntza jaso dute egitasmoaren eraginkortasuna maximizatzeko.

Ikasturte honetan, eraldaketa pedagogikorako espazio berrien Ikaslab proiektua jarri da abian. Ekimena esperimentazioa eta ikaskuntza berritzailea sustatzeko diseinatutako 26 Ikaslab gelekin hasiko da.

Era berean, ikasturte honetan, ikastetxe publikoak ekipamenduz hornitzen jarraituko dute, Lehen Hezkuntzako 5. mailako eta Batxilergoko 2. mailako gela guztiak gela digital bihurtzeko (9.000 gela inguru). Pasa den ikasturtean jada sare publikoaren Lehen Hezkuntzako 1. eta 4. mailako ikasgela guztien digitalizazio prozesua amaitu zen 1.800 arbel interaktiboen instalazioarekin.

Teknologia berrien erabilera bermatzeko asmoarekin, sare publikoko zein itundutako 28.000 irakasle inguruk gaitasun digitalak egiaztatu dituzte. Hezkuntza sistemaren digitalizazio proposamen horren xedea da, alde batetik, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuan teknologiak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzea eta, bestetik, ikasleei curriculumean jasotako gaitasunak eskuratzen laguntzea, besteak beste, gaitasun digitala.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE