Matrikulazio-epea urriaren 13an behin betiko ixteko zain, 2023-2024 ikasturtean 49.200 ikasle inguru izango dira Euskadiko Lanbide Heziketako ikasgeletan. Horrek esan nahi du matrikulazioa, aurreko ikasturtearekin alderatuta, % 5,2 igo dela. Lehen mailan matrikulatu diren ikasleen kasuan hazkundea % 9,1ekoa izan da.
Igoera horrek bat egiten du azken urteetan bizi izan den joerarekin. Horrela, aurtengo datuak 2015-16 ikasturteko datuekin alderatzen badira, igoera % 30,1ekoa dela ikus daiteke.
Hori bai, Lanbide Heziketak maskulinizatuta dagoen formakuntza-ibilbidea izaten jarraitzen du: matrikulatutako ikasleen ia bi heren mutilak dira eta heren bat, berriz, neskak. Esparruen arabera, emakumezko ikasleen presentzia handiena esparru zientifikoan ikusten da, batez ere osasunaren eta soziosanitarioaren sektoreko zikloetan, ikasleen % 77,8 emakumeak baitira. Teknologia-arloan, nesken portzentajea % 29,7koa da, eta industria arloko zikloetan, berriz, %12koa. Azken sektore horretan, emakumeen presentzia % 34,6 hazi da azken 5 urteotan. Azkenik, lehen sektorea (Nekazaritza eta Itsas-Arrantza) ere aipagarria da, ziklo horietan emakumeen presentzia % 16,3ra iritsi baita ikasturte honetan.
Lanbide Heziketa Duala
Lanbide Heziketa Dualari dagokionez, Erdi Mailako eta Goi Mailako zikloetako ikasleen % 40,3k burutuko dute beren prestakuntza modalitate horretan, ikastetxean jasotako prestakuntza enpresakoarekin uztartuz. Horretarako, 8.247 enpresa inplikatuko dira Euskadiko Lanbide Heziketarekin.
Euskadiko Lanbide Heziketan matrikulatutako 49.000 ikasleetatik, % 65 gizonak dira eta % 35 emakumeak.
Hizkuntza-ereduei dagokienez, ikasleriaren % 52,7k euskararen aldeko apustua egindu (B eta D ereduak). Eredu horietan matrikulatu diren ikasleen kopurua % 7,3 hazi da aurreko ikasturtearekin alderatuta. D ereduaren kasuan, hazkundea % 15,7koa izan da.
Irakasleriari dagokionez, Euskadiko Lanbide Heziketak iaz baino 265 irakasle gehiago izango ditu.
Moduluen Eskaintza Malgua
2023-2024 honetan beste bultzada bat emango zaio iaz ezarri zen Moduluen Eskaintza Malguari. Horrek eskaintza partziala deitu izan zaion horretan aurrerapauso bat ekarriko du. Ekimen horrek aukera ematen die ikasleei, bereziki, langileei edo langabetuei, ikasketak moduluka edo unitate txikiagoetan zatituta egiteko. Horrela, ikasle horiek formakuntza haien prestasunera egokitzeko aukera dute. Formula hori gaitasunak egiaztatzeko edo Lanbide Heziketako titulazio bat eskuratzeko erabili ahal da.
Moduluen Eskaintza Malguak aukera ematen die ikasle horiei beren prestakuntza-ibilbidea diseinatzeko, eta titulua edo ziurtagiria lortzeko erabiliko duten denbora erabakitzeko. Eskaintza hiru gradutan antolatzen da. A Graduan ikasleek modulu baten zatiak soilik ikasten dituzte eta Gaitasunaren egiaztapen partziala eskuratzen dute. B Graduan, ikasleak Lanbide Heziketako titulu baten modulu oso bat ikasten du eta, amaitzean, gaitasun-ziurtagiria lortzen du. Azkenik, C gradua titulu bateko edo hainbat titulutako modulu batzuek osatzen dute. Bide honetatik, ziurtagiri profesional bat eskuratzen du ikasleak.
Lanbide Heziketako goi-mailako 75 heziketa-ziklok unibertsitateko 59 gradutarako lotura-bideak eskaintzen dituzte ikasturte honetan.
Horrekin batera, Lanbide Heziketaren titulazioen eskaintza ere zabalduz doa. Aurten, heziketa-ziklo berriak gehitu ditu bere titulazio-katalogoan: ikasturte berriarekin batera 11 titulazio berri hasi dira ematen. Espezializazio-ikastaroen kopuruak ere gora egin du, 7 ikastaro berri ematen hasita.
Eraldaketa digitala
Euskadiko Lanbide Heziketa eraldaketa digital baten barruan aurkitzen da. Ikasturte honetan 145 espazio adimendun digitalizatu jarriko dira martxan ikastetxeetan. Horietan, ikasleek teknologia digital aurreratuenekin ikasteko aukera izango dute. Irakaskuntzari aplikatutako ingurune digitalizatuak dira espazio horiek, hala nola gela interaktibo adimendunak, murgiltze-guneak, zibersegurtasun-gelak edo etxebizitza adimendunen instalazioak.
LH-Unibertsitatea zubia
LHren eta unibertsitatearen arteko pasabideen programa gero eta zabalagoa da. Horri esker, goi-mailako prestakuntza-ziklo bat egin duten ikasleei kreditu kopuru jakin bat aitortzen zaie unibertsitatean, hautatutako unibertsitate-graduak egindako LHko zikloarekin duen antzekotasunaren arabera.
Lanbide Heziketako goi-mailako 75 heziketa-ziklok unibertsitateko 59 gradutarako lotura-bideak eskaintzen dituzte ikasturte honetan. Guztira, Lanbide Heziketako zikloen eta unibertsitate-graduen arteko 264 pasabide daude.